Puntu garrantzitsuak UDArendako, aurkari zuzenaren kontra

Mireia Bikuña 2009ko otsailaren 15a

Sailkapeneko goiko postuetan dauden Aretxabaleta eta Hondarribia lehiatu dira Ibarra furbol zelaian gaur. Urrezko puntuak zeuden jokoan; eta azkeneko minutuetan asko sufrituta, etxean geratu dira. Horren harira, UDAk Hondarribia atzean utzi du sailkapenean. Gainera, Aloñaren eta Tolosaren berdinketei esker asko estutu da preferente mailako sailkapena. Horregatik guztiagatik, oso pozik zeuden partiduaren bukaeran aretxabaletarrak.

Gola, 10. minutuan

Lehia parekatua izango zela uste genuen askok, baina UDAk ondo menderatu du norgehiagoka. Hasieratik estutu du, eta 10. minutuan jaso du lehen fruitua: Rubenek erdiratutako baloia sareetara bidali du Imanolek. Bi minutu beranduago bigarrena egiteko aukera izan du Erikok, baina buruz egindako errematea atezainak geratu du.
Markagailuan abantaila hartuta lasaiago jokatu dute etxekoek. Baloia ondo menderatu dute zelai erdian, eta lehen ukituan jokaldi onak egin dituzte. Baina, azken metroetan huts egin dute. Atsedenaren aurretik, Espinosak ez dute ondo errematatu eskuin hegaletik jasotako baloia.

Berdintzeko aukerak

Bigarren zatiaren hasieran UDAren kontrola askoz handiagoa izan da. Ondorioz, gol aukerak egin dituzte. 55. minutuan Erikok jaurtiketa indartsua kanpora bidali du zutoinaren ondotik. 54. minutuan Hondarribiako atzelariek gaizki urrundu dute baloia, baina Haritz Igartuak ez du asmatu atezainarekin izandako bat-batekoan. Aretxabaletak ez du lasaitasunaren gola egin, eta Hondarribia estutzen hasi da. Azken 20 minutuak oso luzeak egin zaizkie etxekoei. 71. minutuan Hondarribiako jokalari Cervantesek gora bota du baloia atezainaren aurrean zegoela. Bost minutu beranduago, jokalari berberak, huts egin du kontraerasoan egindako jokaldia.
Handik aurrera, urduritasuna nagusitu da zelaian eta harmailetan. Igor Godobilek bi aldaketa egin ditu zelai erdiari freskotasuna emateko, baina Hondarribia aldika areara hurbildu da. Epaileak hiru minutu luzatu du lehia, baina ez da aldaketarik egon markagailuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak