Lehen Hezkuntzako eta DBHko 60 bat ikasle elkartu ziren Arkupen. Herrian publizitateak duen lekua eta eragina aztertu dute eta konturatu dira publizitate asko jasotzen dugula eta gehienek kontsumoa bultzatzen dutela. Adierazpen libreko gunetik kanpo jarritako asko dagoela aipatu zuten, sarritan errepikatuta eta data pasatuta. Eta publizitatearen berri gehiago jakiteko bisitak egin dituzte Atai eta Eguzkigraf enpresetara eta dendaz denda galdezka ibili dira.
Azterketa egin eta gero hainbat konpromiso hartzeko gertu azaldu ziren ikasleak: Publizitaterik ez pegatina jarri atarian, gutxiago kontsumitu eta birziklatu eta iritzi kritikoarekin behatu. Publizitatea, baina batzuetan beharrezkoa dela onartu zuten eta kanpora joaten direnean herriaren berri emateko konpromisoa hartu zuten.
Udalari konpromiso eske
Udalak ere baduela zeresana gogorarazi zieten Udal ordezkariei eta hainbat konpromiso hartzeko eskatu: adierazpen libreko gune gehiago jarri eta publizitatea bertan bakarrik dagoela zaindu –Udala eredu izanda–; Publizitaterik ez pegatinak herritarren eskura jarri eta postariei errespetatzeko eskatu; enpresei publizitate gutxiago egin dezaten eskatu eta partidu politikoen propaganda kendu. Era berean, herria ezagutzera emateko zelan egin publizitatea proposatu zieten: komunikabideetan herriari buruzko iragarki gehiago jarri; eslogan erakargarri eta dibertigarriak erabili eta inguruko herrietan Aretxabaletaren berri ematen duten kartelak jarri.
Alkateak eskerrak eman zizkien egindako lanagatik eta oporren bueltan elkartuko direla berriro esan, erantzuna emateko.