PSE-EEri eta Eusko Abertzale Ekintzari erantzun die Aralarrek

Mirari Altube Arrese 2007ko aza. 16a, 12:14
Azken asteotan PSE-EEk eta Eusko Abertzale Ekintzak Aralarren gainean kaleratutako idatziei erantzun gura izan diete Aralarko kideek. Horregatik, prentsaurrekoa egin zuten atzo, eguena.


PSE-EEko kideei esan gura izan die aretxabaletar guztiekiko errespetua eta Aretxabaletaren normalizazioaren aldeko apustua egin duela Aralarrek, eta argitu die: "Eztabaida daiteke bide bat edo beste bat egokia ote den, baina printzipioa bera demokratikoa dela ez dago inolako zalantzarik". Eta Aralarri leporatutakoak oso modu interesatuan egindakoak direla adierazi dute.


Bestetik, Eusko Abertzale Ekintzak egindako salaketei erantzun gura izan die: "Euskal Herriak bizi duen egoera ikusita, jazarpen eta eraso guztien aurrean kontrakotasuna adieraztea eskatu diogu EAEri, ez dugu uste eman ezinezko pausua denik". Eta gaineratu dute, EAEk nahiago izan duela sinatutako hitzarmenaren gainetik gatazka luzatzea eta herria banatzea. Eusko Abertzale Ekintzak, EAk eta Aralarrek ekainean Udal gobernu onerako hitzarmena sinatu zuten: "Legeak jarrita daukan markoaren baitan, legearen zirrikituak aprobetxatuta urratsak emateko aukera eskaintzen zuen hitzarmenak". Hori errespetatu gura izan dutela diote Aralarko kideek, eta hitzarmenak zuen baldintza edozeinek onartuko zukeela: "Aretxabaletan giza eskubide guztiak eta herritar guztienak errespetatzea".

Lanerako ateak zabalik
Eta jarraitu dute esanaz lanak eta konpromisoek hartu behar dutela irain eta deskalifikazioen lekua, eta ateak zabalik daudela Udalean ekarpenak egin, batzordeetara etorri edo parte-hartze prozesuetan esku-hartzeko: "Batzuen eta besteen presentzia ezak desilusioa eragin digu". Eta jarraitu dute esanaz, ondo dakitela gainerakoek ere batzordeak irekiak direla eta herri mailako proiektuetan –zaharren egoitza, kiroldegi berria, osasun etxea…– guztien ikuspegiak eta iritziak gogoz hartuko lituzketela.
Ezker abertzale ofizialaren kolektibo zabala ordezkatua egon dadin lan egin duela Aralarrek esan dute: "Herriko Aralar prest zegoen bere hautagaien zerrenda erre eta Alderdien Legeak kanpoan utzitako kolektiboari bidea eskainiz, Aretxabaletan bizi dugun egoera aukera errealekin gainditzera". Baina EAEk ezetz esan diola aukerari gaineratu dute, eta "ausardia ezak gugan desilusioa sorrarazi du". Hala ere, "lanerako asmoa agertzen dutenean" Udaleko ateak zabalik topatuko dituztela esanaz bukatu dute, "eta gu lankidetzan aritzeko prest".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak