Proiektu bi egin gura ditu Udalak Espainiako dirulaguntzarekin

Mirari Altube Arrese 2009ko urt. 21a, 16:32
Espainiako Gobernuak iragarritako dirulaguntzarekin zein proiektu egin erabaki du astean Udalak. 1.160.000 euro eskaini zizkioten Aretxabaletari eta proiektu bi aurkeztuko dizkiote: Mitarte kaleko saneamendu lanak eta Larrinoko bidegurutzetik Matikua jatetxeraino bidea egitea.

Astelehenean egindako ezohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak Mitarte kaleko eta Ilargi plaza eta Mitarte artean dagoen lotuneko saneamendu lanak egitea. 793.000 euroko aurrekontua dute lanok eta zazpi hilabete beharko lituzkete egiteko. Ur hodiak aldatzearekin batera herritarrei ibiltzeko erraztasunak ematea da helburua Inaxio Garro alkatearen esanetan. Gainera, kale horietako jarduera komertzialek irabazi egingo dutela lanokin iragarri zuen.

Larrinoko bidegurutzetik Matikuaraino bidea

Espainiako gobernuaren dirulaguntza deialdira aurkeztuko duten bigarren proiektua Aozaratza auzoan egingo dute. Aurreko agintaldiko proiektua da eta asmoa da Larrino auzora doan bidegurutzetik Matikua jatetxerainoko tartean bidea egitea. Oinezkoendako izango da bide hori eta ume kotxearekin samur ibiltzeko, gainera. "Ez da bizikletendako izango, horiek bidegorritik samur igo dezaketelako", argitu digu Joxe Anjel Antxia Ingurumen zinegotziak. 


Larrinoko bidegurutzetik Otalorako aparkalekuraino ezkerreko aldetik joango da bidea. Aparkalekuan errepidea gurutzatu eta Matikua jatetxeraino eskumako aldetik jarraituko du. Hala, Otaloran dagoen aparkalekuan automobila utzi eta oinezkoak arrisku barik joan ahal izango dira urtegiraino.

Apirilerako lanak hasita

Proiektu biak eginda daude eta behin aurkeztuta erantzunaren zain geratu da Udala. Baietza etorriz gero Madriletik, lehenbailehen esleitu lanok eta apirilerako hasita egon beharko dute. Bukaera epea, ostera, 2010eko lehen hiruhilabetean ezarri du Espainiako gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak