Penalti eztabaidagarriari esker, hiru puntuak Oñatira

Mireia Bikuña 2009ko urt. 11a, 21:22

Azpilikueta epailea izan da UDAk eta Aloñak gaur Ibarra futbol zelaian jokatutako derbiko protagonistetako bat. Atsedenaren aurretik adierazi duen penalti eztabaidagarriak erabaki du derbia. Aloñako jokalari Ioritz ez da heldu buruz errematea egitera, eta lurrera erortzen zela ikusirik penalti adierazi du epaileak, berehala. UDAko jokalariek eta zaleek biziki protestatu dute epailearen erabakia. Penaltia aprobetxatu du Unai Arregik partiduko gol bakarra egiteko.

Ordurako, baina, Aloña hamar jokalarirekin zegoen. Bi jokalditan (lehena nahiko eztabaidagarria) txartel horiak ikusi zituen Aitor Lopezek.
Bi taldeak hamaikana jokalarirekin egon ziren artean, oñatiarrek menderatu zuten partidua zelai erdian. Gainera, goiko lerroetan Asierren eta Robertoren azkartasuna aprobetxatu zuten gol aukerak egiteko; baina, azken metroetan huts egin zuten.

Aretxabaletarrak, amorruz

Atsedenaren ondoren, amorru biziz irten ziren aretxabaletarrak zelaira. Hasierako minutuetan estutu egin zuten zelai erdian, eta partidua menderatu zuten. Egoera ikusirik Aloñako entrenatzaileak lehen aldaketa egin zuen, zelai erdiko jokoa indartzeko: Barrena zelairatu zuen Garmendiaren ordez.
Aldaketarekin Aloñaren jokoa hobetu egin zen, eta berriro hartu zion neurria lehiari. Gainera, Ugartek aukera paregabea izan zuen 58. minutuan bigarren gola egiteko; baina, UDAko atezain Asierrek hankekin geratu zuen baloia. Aretxabaletako taldeak ere izan zuen aukerarik partidua berdintzeko, baina jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, ez zuten asmatu.
Penaltiari buruz galdetu genion partidu bukaeran Aloñako jokalari Unai Arregiri: "Egia esan, ez dut jokaldia oso ondo ikusi. Epaileek batzutan kendu egin digute, baina gaur gure aldeko erabakia hartu du eta aprobetxatu egin dugu". UDAko jokalari Jonan Elgarrestak aldiz, penaltia ez zela izan esan zigun.

Goiko postuetan

Aloñaren garaipenak eta Tolosaren berdinketak asko estutu dute preferente mailako sailkapena. Aloñak eta UDAk 31na puntu dituzte, Hondarribia liderrak baino bi puntu gutxiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak