Eskoriatza eta Aretxabaletako parrokietako kideek –14 elizateetakoak barne– omenalditxoa eskaini gura diote Letonari, abade egin zela 50 urte pasatu direnean. Domekan izango da ospakizuna: meza Aretxabaletako parrokian (11:30) eta bazkaria Eskoriatzako Mendigoia hotelean (14:30). Herritar askok eman du izena azken egunotan, eta dagoeneko 160 lagunetik gora joango direla bazkarira jakinarazi digute parrokiako kideek.
Debagoienean abade
Eskoriatzako Marin auzoan jaioa, 1958ko ekainean izendatu zuten abade Lourdesen (Frantzia). Beti ibili da Debagoienean lanean: Bedoña auzoko parroko, Arrasateko eskola politeknikoan irakasle 40 urtean, Uribarri eta Musakola auzoetan parroko, eta azken urteotan Aretxabaletan parrokoaren ondokoa. Horregatik oso ezaguna eta estimatua da Letona, bailarako kristauen artean.