Ospakizunak derbia irabazita borobildu zituen UDAk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mai. 25a, 00:28
Taldearen historian letra larriz idazteko eguna bizi izan zuen atzo UDAk. Mondraren pasilloa, jubenilei eta alebinei omenaldia –beste bi pasillorekin–, Aretxabaletako abesbatzaren zuzeneko saioa eta txapeldunaren kopa jasotzea. Eta hori guztia gutxi balitz, derbia 3-0 irabazi zuten.

Ez zen ohiko derbia izan, bi taldeek jokoan ezer ez zutela nabaritu zen. Izan ere, Mondrak maila mantentzea lortu zuen aste bukaeran. Atzo galdu arren, Euskaldunak Aloña Mendiren aurka galdu egin zuen eta talde zuri moreak lasai jokatuko du Idiazabalen aurkako norgehiagoka.
Igor Gordobilek denboraldian zehar gutxi jokatu duten jokalariak zelairatu zituen hasieratik. Eta Preferenteko txapelduna zergatik den erakutsi zuen beste behin; ordezkoekin ere maila ona erakutsi zuten. Hori bai, Mondra ere txukun ibili zen, zelaian ondo jarrita eta baloiarekin jokaldiak ondo lotuz.

Epaileak baldintzatuta
Hala ere, epailea izan zen derbia etxekoen alde jarri zuena. Joko garbia eta tentsio eza nagusi zen unean Etxebarria eta Loiti egotzi zituen jokaldi berean. Kexatzearren kaleratu zituen, jokalarien harridura eta haserrearen aurrean. Etxeko taldeko jokalari bat baino gehiago ere harrituta geratu zen epailearen erabakiarekin.
Orduan amaitu zen partidua. Bi jokalari gehiagorekin, jokoa hegaletara ondo zabalduz erraz gailendu zen UDA. Hala, lehiaren azken txanpan heldu ziren etxekoen golak: zelairatu berri ziren Espinosak birritan eta Oinatzek sartu zituzten. UDAren festa borobila izan zen atzo Ibarran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak