Osasun etxean jaio zen umea eta ama etxera etortzekoak ziren atzo

Leire Kortabarria 2007ko urr. 22a, 11:31
Euken Martin txikia ez da edozein jaioberri: Aretxabaletako osasun etxean jaio den lehenengo umea da. Umea eta ama, Amaia Espeso, biak ondo daude, eta, Eskualdeko Ospitalean egon ondoren, etxera bueltatzekoak ziren atzo, domeka.

Eukenek ezuste handia eman zion amari. Izan ere, urriaren 26rako zegoen aurreikusita erditzea, baina, eguen goizean, amak, kontrakzioak zituela-eta, emaginarengana joan zen, osasun etxera. "Emaginak esan zidan zazpi zentimetroko dilatazioa nuela eta ospitalera joateko eta ordu betean-edo izango nuela umea, baina kontrakzioak oso gogorrak nituen ordurako, eta ezin nintzen mugitu. Azkenean, hantxe, emaginaren kontsultan, izan nuen umea", azaldu digu Amaia Espesok, ama berriak.

Ordu laurdeneko erditzea

Ustekabeko erditzean, Blanca Barrio emaginak eta Aretxabaletako praktikante Clemente Domingok atenditu zuten ama. Espesok esaten duenez, "ez nengoen urduri; une horretan, ez nuen ezer gogoan". Dena oso azkar joan zen, 15-20 bat minutu, Espesok esaten duenez; eta oso ondo ere, eta hantxe jaio zen Euken, 3,100 kiloko mutikoa.

Anestesiarik gabe erditu zuen Amaia Espesok, herriko osasun etxea ez dago-eta erditzeetarako prestatuta, normala den moduan.

Segidan, osasun etxeko pediatrak umeari lehen errekonozimendu bat egin zion, eta dena ondo zegoela ikusita, berehala ospitalera eraman zituen anbulantzia batek ama eta jaioberria, eta han eman dute aste bukaera.

Langileentzat ere, ezohikoa

Aretxabaletako osasun etxean, lehenengo aldiz gertatu da horrelako zerbait; hango langileek ez dute antzeko ezer gogoratzen.
Eskualdeko Ospitaleko Amatasuneko ordezkariek esan dutenez, ospitaletik kanpo erditzen duten emakumeen kasuak "oso noizean behin" izaten dituzte. Bestalde, kasu horietan, umeekin eta amekin jarraitzen duten lan prozedimendua ohikoa da; ez dute ezer berezirik egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak