Ordu gutxi barru hasiko dira Aretxabaletako Andramaixak

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abu. 14a, 14:53
Herriko kaleak jaiak hartzeko prest aurkitu ditugu txupinazoaren aurreko bisitan. Otalora kaleak itxita jarraituko du jai egunotan eta autobus geltokiak Kantoikora eraman dituzte.

Bertan ditugu Aretxabaletako Andramaixak. Urtero legez Amabirjina Egunaren bezperan hasiko dira jaiak. Arratsaldeko 19:00etan emango diete hasiera ofiziala jaiei. Aurretik, 18:30ean, txosna guneko txupinazioa egingo dute. 16:30ean hasita Mus Txapelketa egingo dute Herriko plazan eta haurrek jolas-parkea izango dute euren gozamenerako leku berean. Aretxabaletako kaleak jaiak hartzeko prest aurkitu ditugu txupinazoaren aurreko orduetan egindako bisitan.

Bi eszenatoki
Herriko plazan eszenatokia aurkitu dugu. Bertan egingo dute kontzertua egunotan Erdizka Lauetan, Losdelgas eta Gose taldeek zein Cantares de Guanajuato mariatxiek. Txosna gunea, Geltoki plazan jarri dute aurten ere. Bigarren eszenatokia eta txosna aurkitzen dira bertan. Hemen, hiru kontzertu, ikuskizun bat eta gazte afaria egingo dira, besteak beste. Andramari Egunean, Aretxabaletako musika taldeek kontzertu maratoia egingo dute hemen.

Iturrigorri margotu berria
Iturrigorri frontoia margotu egin dute eta prest dago Andramaixetako pilota partidak hartzeko. Andramari egunean herriko promesak arituko dira bertan goizeko 11:00etan hasita. Pilota partidu profesionalak Andramari bigarrenean izango dira, hilaren 16an, gaueko 22:30ean hasita. Lesioak tarteko aldaketak egon dira etortzekoak diren pilotari kartelean. Konfirmatu dugu pilotan egingo duten bikoteak honakoak izango direla: Arbizu-Oteiza, Belloso-Mendizabal II. aurka eta Unanue-Peñagarikano, Saralegi-Patxi Ruiz-en aurka.

Otalora itxita
Jai hauetan kontua hartu beharrekoa da Otalora kaleak itxita jarraitzen duela ibilgailuendako. Ez dute jai egun hauetarako zabalduko. Seguruenik, gainera, ez dute irailera arte irekiko. Azkenik, kontuan hartu jai egunotarako autobus geltokiak lekuz aldatu dituztela Aretxabaletan. Geltokiak Kantoikora eraman dituzte autobusen joan-etorriak errazteko. PESA konpainiak ez du autobus zerbitzu berezirik eskainiko jai egunotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak