Ondasun higiezinen gaineko zerga %7,8 igoko dute eta ura eta zaborra %10

Mirari Altube Arrese 2008ko urriaren 16a

Datorren urteko Udal zergek zenbateko igoera izango duten erabaki zuen udalbatzak astelehenean egindako osoko bilkuran. Ezker Batua-Berdeak taldeak hiru zuzenketa egin zizkien ordenantzei baina ez zituzten onartu.

Alkateak jakinarazi zuen Foru Aldunditik %11 gutxiago jasoko dutela 2009an (471.000 euro), ondorioz Udal zerga batzuk igoera nabarmena izango dutela. Ezker Batua-Berdeak taldeak hiru zuzenketa jarri zizkien gobernuaren proposamenei.

Ondasun higiezinen gaineko zerga KPI bakarrik igotzea proposatu zuen. Alkateak erantzun zion Debagoienean gutxien kobratzen duen herria dela, eta zerga garrantzitsua dela Udalarendako. Hala, bozketa eginda atzera bota zuten zuzenketa eta hiri lurrei dagokion zerga %7,86 igoko dute; industri lurrei dagokiona, %6,75; eta baserri lurrei dagokiona, %5,77.


Ibilgailuei dagokien zergaren kasuan kutsatzen duten arabera kobratzea eskatu zuen Ezker Batua-Berdeakeko Tomas Fernandezek. Udal gobernuko kideek erantzun zioten, automobil zaharrek –urtebete baino gehiago dutenak– zenbat kutsatzen duten jakitea oso zaila dela eta Aretxabaletan 3.000 daudela. Hortaz, potentziaren arabera kobratzen jarraitzea erabaki zuten. Eta hirugarren zuzenketak eskatzen zuen 2 milioi euro baino gehiago fakturatzen duten enpresei %10 igotzea jarduera ekonomikoaren gaineko zerga. Udalbatzako gainerako kideek ez zuten zuzena ikusi bizi dugun egoera kontuan hartuta, eta %7 igotzea onartu zuten azkenean.

Ura eta zaborra, %10

Gainerako zerga guztiak aho batez onartu zituzten. Hala, zaborra %10 inguru igoko dute mankonumitateak aholkatzen duen moduan, eta urak ere %10eko igoera izango du iazko antzera. Gainera, gutxieneko kontsumoa baino gehiago gastatzen dutenei KPIa ere igoko diete. Eraikuntza eta obren gaineko zergak ez du igoerarik izango eraikuntzak bizi duen momentu txarra kontuan hartu dutelako. Urats Gain zaharren egoitzako igoera KPI izango da; baita Pausoka haur eskolakoa ere irailetik aurrera. Gainera, kirol jardueren gaineko tasak onartu zituzten, eta Udalaren lokalak erabiltzearren errenta ezartzea erabaki zuten –Arkupeko aretoak, Iralabarri plazako lokalak…–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak