Iaz baino bi milioi gehiago onartu dituzte, eta Udal aurrekontu osoa 14.233.975 eurokoa da. Arritxu Oliden alkatearen esanetan, diru sarrera potoloak egon direlako hazi da hainbeste aurrekontua. Eta erdia inguru inbertsioak egiteko izango da: "Otalora kaleko lanak aurten bukatuko ditugu, eta herria biziberritzen jarraitu gura dugu kalitatezko espazio publikoak izateko. Hala, Herriko plazako saneamendu lanak egingo dira, eta bide batez, eraberritzea dugu helburu herritarren topagune bihurtzeko. Mitarte kalean ere saneamendu lanak hasiko ditugu, eta kulturarako eraikina hornitzeko milioi bat euro inguru gorde dugu", azaldu digu alkateak.
Aralarrek ezetza
Aralar alderdia, ostera, ez zen ados azaldu aurkeztutako aurrekontuarekin, eta ezetza eman zion. Hori arrazoitzeko hainbat puntu aipatu zituzten: porlanaren politika bultzatzen dabiltzala lanak eta lanak eginez aurreikuspen barik; gastu soziala ez dela aurrekontuen proportzioan igo; eta kulturarako eraikina egin arren ez dutela aurreikusi ekintzak zela bideratu. Gainera, inbertsio batzuekin ez ziren ados azaldu. Sarasua zinegotziak aipatu zuen Udal kudeaketan parte hartzerik ez dagoenean eta informazio falta denean nagusi adostasunera ezin dela iritsi: "Iazko aurrekontuetan gure proposamenak sartu ziren, baina ondoren ikusi dugu asko eta asko ez direla bete. Hortaz, zertarako?", gaineratu zuen. Alkateak erantzun zien bilera egingo dutela kontuak argitzeko.
Aurrekontua
Udal aurrekontu osoa: 14.233.975 euro
Udala: 13.799.105 euro
Urats Gain zaharren egoitza: 698.556 euro
Aretxabaletako bihargintza SA: 110.515 euro