Denboraldi polita egin du Arlutzek, nahiz eta zortzigarren postuak (16 puntu, 7. dagoen Easorekin berdinduta) ez adierazi halakorik. Baina laugarren postuan geratu den San Viator eta zortzigarrenaren artean bi puntuko aldea besterik ez dute. Joan zen zapatuko partida hain zuzen, San Viatorren aurka jokatu zuen Arlutzek eta galdu, 2,5-1,5 (zuzenean bota zuten partida Interneten).
Jokatutako bederatzi partidetatik lau berdindu egin ditu Arlutzek, tartean Gros talde indartsuaren aurka; lau galdu; eta bakarra irabazi, azkeneko geratu den Oberenari. Hala ere, partida guztietan eskuratu ditu puntuak. Arlutzeko jokalari diren Fran eta Andoni Miguel anaiek, Aitor eta Mikel Alcaide osaba-ilobek eta azken partidetan jardun duen Jesus Berezibarrek pozik bukatu dute denboraldia, izan ere, jokalari bikainak –nazioarteko maisuak eta Fide maisuak– daude gainerako taldeetan.
Bakarkako Euskadiko txapelketa
Apirilean, Pazko Astean hain zuzen, Euskadiko Txapelketa jokatuko du Aitor Alcaidek. Mikel Alcaidek, ostera, Euskadiko gazte mailako txapelketan jardungo du norgehiagokan.