800 odoloste dituzte gertu bihar egosi eta herritarrei eskaintzeko. Horrekin batera txistorra mokadutxoa ere egongo da eta, eztarrian trabaturik ezer ez geratzeko, ardoa. Prezioari dagokionez, norberak hautatzen duenaren araberakoa izango da.
Herriko hainbat harakinen laguntza izan dute jaia gertatzeko: Juanito Bengoak eta Imanolek odolosteak ekarriko dituzte eta Jon Diazek, txistorra. Ardoari dagokionez Gomez de Segura eta Luis Alegre upategietako Errioxa ardo gorriak eta beltzak izango dira aukeran.
Gainera, kirol elkarteko zuzendaritzako kideen asmoa da txerri-hilketaren gaineko erreportajea ematea plazan bertan, mokadutxoa jan bitartean: "Txerria Herriko plazara ekartzerik ez dugu izan, baina hilketaren gaineko kontuak erakustea gurako genuke: odolosteak eta txorizoak egiten… Izan ere, askok ez dute sekula halakorik ikusi ".
Dirua batzea helburu
Irailean egin zuen lehen jaia UDAk, denboraldi hasierako jaia, eta orduan iragarri zuten beste bi egingo zituztela aurtengo denboraldian: San Martin egunaren inguruan eta ekainean. Jai horien guztien helburua dirua batzea da; horregatik, mokaduarekin eta ardoarekin batera asteroko errifak, UDAk atera duen loteria eta elkartearen armarria duten kopak eskainiko dizkiete herritarrei.