Odoloste Eguna egingo du bihar UDAk, 800 odoloste eskainita

Mirari Altube Arrese 2009ko azaroaren 12a

Odoloste Eguna antolatu du Aretxabaleta Kirol Elkarteak zapaturako. Herriko plazan egingo dute, 18:00 inguruan hasi eta odolosteak bukatu artean eta helburua dirua batzea da.

800 odoloste dituzte gertu zapatuan egosi eta herritarrei eskaintzeko. Horrekin batera txistorra mokadutxoa ere egongo da eta, eztarrian trabaturik ezer ez geratzeko, ardoa. Prezioari dagokionez, norberak hautatzen duenaren araberakoa izango da.


Herriko hainbat harakinen laguntza izan dute jaia gertatzeko: Juanito Bengoak eta Imanolek odolosteak ekarriko dituzte eta Jon Diazek, txistorra. Ardoari dagokionez Gomez de Segura eta Luis Alegre upategietako Errioxa ardo gorriak eta beltzak izango dira aukeran.
Gainera, kirol elkarteko zuzendaritzako kideen asmoa da txerri-hilketaren gaineko erreportajea ematea plazan bertan, mokadutxoa jan bitartean: "Txerria Herriko plazara ekartzerik ez dugu izan, baina hilketaren gaineko kontuak erakustea gurako genuke: odolosteak eta txorizoak egiten… Izan ere, askok ez dute sekula halakorik ikusi ".

Dirua batzea helburu

Irailean egin zuen lehen jaia UDAk, denboraldi hasierako jaia, eta orduan iragarri zuten beste bi egingo zituztela aurtengo denboraldian: San Martin egunaren inguruan eta ekainean. Jai horien guztien helburua dirua batzea da; horregatik, mokaduarekin eta ardoarekin batera asteroko errifak, UDAk atera duen loteria eta elkartearen armarria duten kopak eskainiko dizkiete herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak