Numantzian jokatuko du Barkerok, datozen hiru urteetan

Julen Iriondo 2008ko ekainaren 19a

Bigarren mailako Albaceten ibili da Jose Javier Barkero aretxabaletarra azken bi denboraldietan; urte bikaina izan da beretzat azkena, ia partidu guztiak jokatu, 11 gol sartu eta bere golekin mailari eustea lortu du Albacetek. Datorren denboraldian Lehenengo mailan jokatuko du.

Bigarren mailatik igo berria den Numantziak fitxatu du Jose Javier Barkero aretxabaletarra, hiru urterako. 29 urte ditu Barkerok, eta Albaceten, Bigarren mailan eman ditu azkeneko biak.
Realaren harrobian hazitako jokalariak ez zuen behin ere jarraikortasunik izan txuri-urdinen lehen taldearekin. 98-99 denboraldian egin zuen debuta Lehenengo mailan. Frantziako ligan Tolosarekin ere ibili zen Realak utzita, eta baita Eibarren ere. 2001-2002 denboraldian Donostiara itzuli eta Realean jokatu zuen 2005-2006ra arte. Ez zituen, dena den, denboraldiko dozena bat partidu baino gehiago jokatu, eta azken denboraldian partidu bakarrean parte hartuta Albaceterako bidea hartu zuen aretxabaletarrak.
Bi urte egin ditu han. Amaitu berri den denboraldian jokalari garrantzitsua izan da Barkero Albaceterentzat. 40 partidu jokatu eta 11 gol sartu ditu. Albacetek azken jardunaldian Las Palmasi irabazita lortu du Bigarren mailari eustea eta horretan erabakigarriak izan dira debagoiendarraren golak.
Baina hara non, Albaceteko arduradunek jakitera eman zioten Barkerori ez zutela taldean nahi datorren denboraldian; berak adierazia zuen gustura geratuko zela Albaceten, azken bi urteetan pozik egon zela-eta bertan. Baina Albacetekoen erabakiaren ondotik etorri da Barkerorentzat berri pozgarria. Datorren denboraldian Izarren Ligan jokatuko duen Numantziak deitu du talderako. Bera izan da Soriakoen aurreneko fitxaketa. Clubetik adierazi dutenez, urte osoan egin diote jarraipena ezker hegaleko erdilari aretxabaletarrari, eta hiru urterako kontratua egin diote azkenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak