Nolako Aretxabaleta nahi duzu 10 urte barru? galdetu die Udalak herritarrei astean banatu duen idatzian. Galdera hausnartu eta erantzunak entzun gura ditu orain. Eta jasotako proposamenekin plan aurrerakina zehaztuko du gero.
Elhuyar taldearen laguntzarekin jarri du abian egitasmoa, eta aholkularitza tekniko eta metodologikoa eskainiko du hark. Lau helburu ditu egitasmoak: aurrerakina lantzeko prozesuan inplikatzea herritarrak; hirigintza alorreko nahi, iritzi eta interesak jasotzea; sektore, adin eta sexu ezberdinetako herritarrak elkartzea; eta egitasmoa oinarri izatea ohitura partehartzaileak bultzatzeko herrian. Hirigintza mailan –etxebizitzak, azpiegiturak, lana…– zelako herria gura dugun etorkizunean jakin gura du Udalak, orain daukagunetik abiatuta.
Herritarrekin sei talde
Lau arlo bereiztu dituzte lanerako:
- Herritarrek osatutako lan taldeak
- Adoste taldea, herritarren proposamenak bideratzeko
- Batzorde eragilea, egitasmoa betetzen dabilela ziurtatzeko
- Talde teknikoa, aholku teknikoak emateko.
Herritarrekin, ostera, sei lan talde osatuko dituzte, eta bakoitzean 15 edo 20 lagun elkartuko dira; ez da inola ere aditua izan behar parte hartzeko.
- Herrian bertan bizi direnak
- Auzoetako ordezkariak
- Merkatari, ostalari eta zerbitzuetako kideak
- Lan munduko arduradunak
- Elkarteetako kideak
- Alderdi politikoetako ordezkariak
Astelehenean bertan hasiko dira 120 bat herritarri telefonoz deitzen gonbidatzeko; hala ere, baten batek deia jaso ez eta parte hartu gura badu Udaleko Hirigintza Sailera deitu dezala, 943 71 18 62 edo lurdes@aretxabaleta.net helbidera idatzi. Taldeak urrian hasiko dira lanean eta abendu inguruan bukatu. Emaitzen berri emango die orduan, Udalak, gainerako herritarrei.