Naturgas Hornbein espedizioko kideak pozik lehen irteerarekin

Xabier Urtzelai 2009ko ira. 15a, 19:20
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabaltza itzuli dira jada Everesteko ipar aurpegiko bide normalera daraman bailaratik, altuerara egokitzeko eginahal horretan. Gau bat egin dute 6.000 metrotan eta beste bi 6.500 metrotan, ohiko bidearen kanpaleku nagusian. Eguen eguerdian abiatu ziren kanpaleku nagusitik eta lau ordu eskasetan iritsi ziren 6.000 metrora. Han denda kozkorra montatu eta lo egin zuten.

Egubakoitzean, ipar-ekialdeko edo ohiko bideko kanpalekurantz jarraitu zuten eta bi orduko ibilian iritsi ziren hara. Han dago makro-espedizio japoniar bat Ipar Leporako bidea zabaltzen eta hornitzen. Albertok, Juanek eta Mikelek haien kanpalekutik harantzago jarri zuten euren denda eta eguna altuerara egokitzen eman zuten. Gorputzarentzat jada ez da nolanahiko goratasuna 6.500 metro. Zapatuan, Ipar Lepora daraman bidera gerturatu ziren eta beren begiz ikusi zuten japoniarrek zer-nolako lubakia zabaldu duten. Bigarren gaua 6.500 metrora lo egin ondoren, espedizioko kideak atzo eguerdian itzuli ziren, nekatuta, gosetuta eta pozik lehen irteera hau nola joan den ikusita. “Altueraren eragina nabaritu dugu, baina ondo sentitu gara. Dena bide onetik doa. Hurrengo irteera gogorragoa izango da, pisu era material gehiagorekin, eta adi egon beharko dugu eguraldi iragarpenei”, azaldu dute hiru taldekideek.

Bigarren irteera horretan Ipar Lepora (7.000 m) igo nahi dute jada, han lo egin, gorago, 7.500 metrotan, beste kanpaleku bat jarri eta gau bat edo bi han pasa ondoren jaitsi. Horrekin jada osatutzat emango lukete egokitze fasea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak