Muru-Alde elkarteak irabazi zuen zapatuan Elkarte Gastronomikoen Arteko Olinpiada

Usoa Agirre 2010ko api. 26a, 14:14
'Krisi menua' egin behar izan zuten elkarteek, 20 eurotan. Hauxe izan zen menu garailea: perretxikodun krepea, Gasteiztik propio ekarritako antxoak eta flana. Itxura eta gustua baloratu zuten hiru epaimahai kideek.

Loramendiko hiru ordezkarik eratutako epaimahaiak itxura eta gustua baloratuta 138,5 puntu eman zizkion Muru-Aldeko menuari, eta elkarte berak gertatutako krepeak izan ziren puntu gehien eskuratu zituztenak plater guztien artean. Urbaltz elkartea sailkatu zen bigarren 132,5 punturekin, eta bi puntu gutxiago eskuratu zituen Uratz-Alde
elkarteak. Ez zen alde zabalik izan.

Lau lagunendako menua

Lau lagunendako hiru plateretako menua zen prestatu behar zutena, eta erosketatan batzuk beste batzuk baino estuago ibili baziren ere, guztiek maila handia eskaini zuten. Bakoitza plater banatan nabarmendu zen: Muru-Aldek lehen platerean eskuratu bazituen puntu gehien, Uratz-Aldek gertatutako lupiak eskuratu zituen bigarren platerrean puntu gehien eta Urbaltzek gertatutako izozkiarekin lagundutako flanak postrean. Guztiek jo zuten goia plateren batean, beraz.

Giro onean

Partaideek eta epaimahaiak, 12 lagunek guztira, Muru-Alde elkartean lagun giro ederrean afaldu ostean etorri zen epaimahaiaren emaitza, eta ordurako argi zegoen epaia epai ez zela galtzaile ala irabazlerik izango, ordura artekoaz majo gozatu baitzuten. Elkarteen artean giro hori sortzea du helburu nagusietako bat Loramendi Elkarteak ekintza honekin, eta atzo bete-betean lortu zuen. Bai Loramendi Elkartea bai partaideak gustura asko geratu ziren esperientziarekin, hurrengoaren zain.

Elkarteen arteko lehia

Muru-Alde elkarteak lehen postua indartu zuen zapatuan, aurreko proba ere, mus txapelketa, berak irabazi baitzuen.

Hurrengo proba, Euskerien Egunean, maiatzaren 15ean, arratsaldez
jokatuko den bolo txapelketa izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak