Mundumira jaia ospatuko da asteburuan

Usoa Agirre 2007ko eka. 1a, 14:13
Gaur hasi eta domekara arte, Mundumira jaialdiaren III. ekitaldiaz gozatzeko aukera izango da Aretxabaletan. Kalea, kultura, mendia eta elkartasuna, egitarauaren ardatzak izango dira. Musika proposamenen artean, Kiko Venenoren kontzertua zapatuan, ekainak 2, gauerdian.


Mundumira jaialdiaren hirugarren ekitaldia ospatuko da Aretxabaletan oraingo asteburuan. Aurreko urteotan bezala, munduko kulturen topaleku izan nahi du jaialdiak, eta, aldi berean, Debagoieneko natura eta kultura ondarea ezagutzera ematea da antolatzaileen asmoa. Arrasaten eta Oñatin ospatutako ekitaldietan jasotako erantzunarekin pozik daude Mankomunitateko arduradunak, eta Aretxabaletaren txanda da orain. Mankomunitateko Kultura teknikari German Meabebasterretxearen arabera, bi izan dira aurtengo ekitaldia Aretxabaletan ospatzeko arrazoiak: jaialdia antolatzeko herriak azaldutako interesa eta antolakuntzak jarritako baldintzak betetzea. Jaialdiaren izaera ibiltaria denez, aretxabaletarrek jaso dute lekukoa aurten. Gaur, egubakoitza, izango da hasiera ekitaldia, 17:30ean.

Programa zabala

Egitarauari dagokionez, ez da aparteko nobedaderik. Imanol Agirre Euskal Herria aldizkariko zuzendariak esan bezala, "jaialdiak lau zutabe dauzka: kalea, kultura, mendia eta elkartasuna". Aurreko bi ekitaldietan moduan, artisautza azoka, munduko zaporeak, bidezko merkataritza, mendiko azoka, erakusketak, diaporamak, mendi ibilaldiak, grafitiak, haurrentzako antzerkia, dantzak eta kaleko antzerki emanaldiak uztartzen ditu programak. Era berean, bailarako gobernuz kanpoko erakundeek presentzia nabarmena izango dute aste bukaeran.
Horrekin lotuta, jaialdiko kamiseta atera dute antolatzaileek. Salmentako irabazien zati bat lankidetzarako hiru proiektutara bideratuko dute eta proiektuak Debagoieneko gobernuz kanpoko erakundeen artean aukeratuko dira.

Musika protagonista

Munduko kulturen festa izanik, musikak protagonismo berezia dauka Mundumiran. Aurten ere proposamen interesgarriak lortu dituzte Euskal Herria aldizkariak eta Gin Tonic produkzio-etxeak. Gaur, egubakoitza, Mariana Ramos (Herriko Plaza, 20:30), egun Cabo Verden dagoen ahotsik hoberenetariko bat eta jarraian dantza egiteko musika mestizoa Gecko Turnerren eskutik; Afrikako eta Brasilgo kutsua nahiz musika elektronikoa nahasten ditu Turnerrek.

Zapatuan, azokako agertokian, Ginea Bissautik datorren Mamadu taldea (13:00) eta ondoren Balkanetako akordeoiak trikitiarekin nahasten dituen  Euskobalcanic (18:00), Indiaren iparraldeko erritmo tradizionaletan eta Bollywood pelikulen musiketan oinarritzen den Jaipur Kawa Brass Band taldea (19:00). Herriko Plazan ere aukera zabala izango da zapatuan: Echa Paka kubatarrak (12:00), Brasilgo Trio Forrobodo (13:00), Arabiako dantza tradizionalak eskainiko dituen Albala (18:30), Tomas San Miguel eta Kuttunak (19:30) eta Palestinako Dam Palestinako Hip Hop taldea (21:00). Azkenik, Kiko Venenok El hombre invisible diskoa aurkeztuko du gauerdian. Domekan, Bartzelonako Orkestra Arabiarra eta Romani Chave bulgariarrak arituko dira eguerdian.

Mendi azoka

Artisautza eta gastronomia azokez gain, mendi azoka ere egingo dute: ikus-entzunezkoen proiekzioak, argazki erakusketak, ikastaroak, mahai inguruak, irteerak eta Euskadiko boulder txapelketaren finala ( domekan Iturrigorri frontoian, 13:00etan). Aretxabaletako hainbat puntutan aparkalekuak egokituko dituzte. Edozelan ere, jaia txoko guztietara zabaltzea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak