Munduko kulturak etxetik gertu izan ditugu asteburuan Aretxabaletan

Irati Agirreazaldegi 2007ko ekainaren 4a

Mundu zabala, kale estu batean. Horrela laburbildu genezake Mundumira, asteburuan munduko kulturak gurera ekarri dituen jaia. Aretxabaletako Durana kalean barrena munduko janariak; pizzak, crepe-ak, kebab-ak, pastelak, sagardo goxoa, zuku naturalak, infusioak... eta, jatekoarekin batera munduko usainak: belarrak, xaboiak, intsentsua, ukenduak, espeziak... denetarik.

Munduko jateko eta usainek tokirik urrunenetara eraman zituzten Aretxabaletara hurbildutakoak. Horrez gain, Gobernuz Kanpoko Erakundeek euren postuak ipini zituzten, munduko txoko batzuetako errealitate gordina jakinarazteko.

Durana kalea topaleku

Janak, edanak eta usainek ez ezik, mundu zabalera bidaia egiteko gogoa pizteko bazen bestelakorik.

Horretarako, kaleetako postuetan nahi beste aukera: arropak, apaingarriak, bitxiak jostailuak... bertakoak, batzuk, eta herrialde urrunetatik ekarriak, beste batzuk.

Aisialdiaz gozatzeko bazen beste aukerarik ere. Etxeko txikienak aurpegia margotuta ikusi genituen herriko kaleetan barrena. Izan ere, zapatu arratsaldean, batik bat, txiki eta handi familian ikusi genituen Aretxabaletan.

Kalean, batzuk pizza jaten ari ziren bitartean, besteak tea hartzen, horretarako mahai txikiekin egoki gertatutako postuan.

Bitartean, kalean, animazioa nagusi. Jende ugari ibili da kaleetan, eta hauek girotzeko ekintzak ere izan dira. Bizikleta itxurako tramankulu erraldoi batzuekin ikusi genituen Aragoiko Artea teatro konpainiako zientzialari eroak, eta Okzitaniako fanfarre doinuek ere heldu zein umeak dantzan ipini zituzten.

Kiko Venenorekin plaza beteta

Musikak, dudarik gabe, leku esanguratsua bete du Mundumiran. Durana kaleko eszenatokian, batzuek, eta plazan, beste batzuek, munduko musikaz gozarazteko aukera eskaini dute.

Kontzertu nagusiak zapatuan izan ziren, plazan. Tomas San Miguelen akordeoiek, Ttukunak taldekoen txalapartarekin bat eginda, dantzan jarri zuten bat baino gehiago.

Dam palestinarren hip-hop doinuak entzun ziren gero. "Etxeko leihoa zabaldu eta ikusten duguna islatzen dute gure kantuek. Mundu guztian hitz egiten da Palestinako terrorismoaz, eta guk, nola ez, ba, landu; bestalde, bistakoa da emakume asko ez direla begirunez tratatzen. Eguneroko bizitzak ematen dizkigu gaiak. Musikalki, hainbat herrialdetako hip-hoparen eragina eta Palestinako perkusioa uztartzen ditugu", esan ziguten Dameko kideek.

Gauean, plaza gainezka, Kiko Venenoren abestiez gozatzeko. Bere pozoiak bizitu zituen bertaratutako denak, eta dantzan jarri zuen Aretxabaleta.

Aurreikuspenak gaindituz

Domekan, biharamunari aurre eginez, mendi ibilaldiak egiteko parada hartu zuten batzuek; azokan buelta egiteko, beste askok, eta plazako postuetan informazioa pilatzen ibili zenik ere izan zen.

Festa oraindik bukatu gabe zela, berorren antolatzaile Imanol Agirrerekin hitz egiteko aukera izan genuen, eta oso pozik zen jaialdiak izandako arrakastarekin: "Jendeak oso ondo erantzun du. Momentu gorena, dudarik gabe, Kiko Venenoren kontzertua izan da. Aretxabaletarrek esan digute herrirako ere une historikoa izan zela, sekula ez dutela plazan horrenbeste jende ikusi. Gainera, kanpotik, aurreko urteetan baino jende gehiago etorri da".

Agirrek esan digu aurreikusitako ekitaldi guztiak egin direla: "Zapatuan, eguraldi kaxkarra egin arren, Felipe Uriarterekin mendi ibilaldia egitera animatu ziren hainbat lagun. Arrikrutzeko kobetara joateko ere autobusa bete zen".

Jaialdiak aurreikuspen guztiak gainditu dituela gaineratu digu: "Hainbat postutan, generoa agortu egin da, eta saltzaileak oso pozik geratu dira emaitzekin".

Mundumira, pixkanaka, hazten doan jaialdia da, Euskal Herrian erreferente bihurtu dena.

Amaitu da, aurtengoz, jaia, eta, hurrengo ere gurean egingo den galdetuta, hauxe esan digu Agirrek: "Debagoieneko Mankomunitatea aldatu egingo da, baina agintariek Mundumirarekiko interesa azaltzen badute, oraindik badira jaialdiak bisitatu ez dituen herriak".
Mundumira, Aretxabaletatik mundu zabalera begira, hurrengo urtean ere beharbada mundutik gurera etorriko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak