Mugarri inguruan industrialdea egingo dute

Iker Barandiaran 2007ko aza. 5a, 19:50
Aretxabaletako Udalak industrialde bat egiteko asmoa zuen, eta Mugarritik gora dagoen lursail baten hori egitea pentsatu zuen. Aretxabaletarrak ohartu ziren Arrasateko lurrekin mugan zegoela lursail hori, eta arrasatearrei ideiaren berri eman zieten.

Hala, Aretxabaletako eta Arrasateko udalek LKSri eskatu zioten proiektu bat idazteko. LKS-k bi proiektu aurkeztu zizkien, eta bi udalek proiektu bera hautatu zuten. "Biak antzekoak ziren, baina batek errepide tarte handiagoa hartuko zuen. Arrasateko Udalak zein guk gurago izan dugu inpaktu txikiagoa eragingo duen proiektua aukeratzea", azaldu zigun Aretxabaletako alkate Inaxio Garrok. 
Hala, etorkizunean bi partzelatan banatuko dute lursail hori, eta bakoitza udalerri batena izango da.


Olandixoko lanen menpe
Aretxabaletako alkateak azaldu zigun ezin dutela lanak hasteko datarik jarri. "Gu horretan lanean hasi aurretik Olandixoko tunela eginda egon beharko da. Hain zuzen ere, industriagunera joateko Olandixoko bide berritik igaro beharko da. Hortaz, horren menpe gaude".

Inpaktua duten enpresak
Aretxabaletako lursailak 10.000 metro koadro izango ditu. Hala ere, horietatik 2.000 metro koadrok bakarrik izango dute eraikitzeko gaitasuna. Arrazoi horregatik, Aretxabaletako alkateak azpimarratu zuen industriagunea oso aproposa izango dela eraikin ez oso handia, baina material pilaketa handia duten enpresendako. Horrez gain, azaldu zuen Udalak aproposa ikusten duela inpaktu handia eragiten duten hainbat enpresa hara joatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak