Mikel Etxabe jokalariak futbola uztea erabaki du

Arritxu Barruso 2008ko ekainaren 23a

Eskumako belaunean izandako lesioa gainditu ezinik, Mikel Etxabe Eibarko jokalari aretxabaletarrak futbola uztea erabaki du. Ahal duen guztia egin duela adierazi du, baina mina dauka belaunean eta "horrela jarraitzea ezinezkoa dela" azaldu du aretxabaletarrak.

Aurten ezin izan du Eibarrekin partidu bakar bat ere jokatu. Iaz, berriz, finkoa  izan zen Mandiolaren hamaikakoan, Eibarrek 2.A mailara itzultzea lortu zuenean, alegia. Justu orain dela urtebete, iazko San Juan egunean jokatu zuen azken partidu ofiziala, Eibarrek Rayori Ipuruan irabazi (2-0) eta igoera lortu zuenean. Denboraldi bukaerara justu samar iritsi zen eta uztailaren 5ean egin zioten belauneko ebakuntza, Gasteizen. Lesioak hobera egiten ez zuela eta, berriro operatu zuten martxoaren 14an. Ondoren, hainbat medikurekin  kontsulta egin eta  futbola uztea erabaki du Etxabek.

Ibilbide luzea futbolean

Mikel Etxabe Loiti 1978ko irailaren 12an jaio zen Aretxabaletan. Bederatzi urte eman zituen Realeko azpiko kategorietan eta harrezkero Real Union, Barakaldo, Xerez eta Eibar taldeetan jokatu du. Defentsan ezker hegalean jokatu izan du. Teknika handiko jokalaria, erasora erraz jotzen zuena, eta ezker hanka bikainaren jabe, azken bi denboraldiak Eibarren eman ditu. Armaginekin ekainaren 30ean bukatuko zaio kontratua.

Egindako lagunak, onena

Etxabek zera diosku: "Urtean zehar buelta asko eman izan dizkiot jarraitzeari, lesioak emandako buruhausteen erruz. Uste baino lehenago utzi behar izan dut futbola baina bizitza aurrera doa. Urte hauetan guztietan egindako lagunekin geratzen naiz. Ez dakit futbolarekin lotuta jarraituko dudan etorkizunean. Aurrerago ikusi behar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak