Merkataritza suspertzeko puzgarriak jarriko dituzte hilean behin

Mirari Altube Arrese 2008ko mar. 6a, 16:53
Herriko merkataritza suspertu gura du Udalak, eta horretarako lehen pausoak ematen hasi da: hileko zapatu baten puzgarriak egongo dira umeendako. Martxoaren 8an, hain zuzen, jarriko dituzte Gipuzkoa plazan, 11:00etatik 13:00etara bitartean.

Udaleko Merkataritza Sailak, herriko merkatarien elkarte Aretxartek eta Erostegik, Aretxabaletako ostalaritzarako eta komertzio txikietarako zerbitzuen zentralak, adostu dute umeendako puzgarriak jartzea. Erostegik jarriko ditu umeek jolas egiteko guneak, oraingoz hilean behin, eta sarriago izan daitekeela adierazi du Lore Martinez zinegotziak: "Urtarrilean Txapel Txin egunean jarri genituen; otsailean, 23an; eta martxoan, bihar izango da. Erabakitzeko dago hilean behin baino gehiagotan jarriko ditugun, Aretxarteren erantzunaren zain gaude".


56.000 euro merkataritzari
Merkataritza Saila iaz sortu zuten Udalean, eta 2008ko aurrekontuan 56.685 euro aurreikusi dituzte merkataritza eta turismoa indartzeko. "Puzgarriak antolatzearen ideia Erostegirena izan zen, aisialdia sustatu gura zuelako hark", azaldu du Martinenezek, eta gaineratu du: "Udaletik erantzun genion aisialdia ahaztu barik merkataritza zela suspertu beharrekoa, eta hala, herriari bizitasuna emango geniola". Horregatik puzgarrien kokalekua aldatu egingo dute hilabete batetik bestera: "Ahal dela dendak eta ostalaritzako zerbitzuak dauden inguruneetan kokatuko ditugu, eta zapatuetan aretxabaletarrak herrian geratzea izango da helburua".

Herriko merkataritza bultzatzeko lehen pausoa eman dute, baina gehiago ematea gurako lukete. Hala ere, hurrengo pausoak zehaztu barik dituzte: "Ez da samurra zer egin asmatzea. Baina horretan gabiltza", bukatu du Merkataritza zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak