Merkataritza suspertzeko ekintzak martxoan hasita

Mirari Altube Arrese 2010ko ots. 26a, 16:41
Aretxarte merkatarien elkarteak zuzendaritza batzordea aldatu du eta ekimenez beteta hasi gura du ibilbide berria. Udalak, bere aldetik, merkataritza indartzeko asmoa agertu du eta beste hainbat ekimen jarriko ditu abian.

Aretxarteko presidente izango da azken urteotan ere arduradun lanetan ibili den Alberto Asensio. Eta alboan izango ditu: Oihana Berasaluze –presidenteordea–, Meritxell Serrato –diruzaina–, Sonia Morales –idazkaria– eta Alfredo Meabe –bokala–. Hiru helburu zehaztu dituzte horiek: urte guztian egitea ekintzak; bazkide berriak egitea; eta Udalak utzitako lokala egokitzea –Iralabarri plazan–.

 

Antolatuko dituzten ekintzen artean hileroko zozketa dago. Erosketak egiterakoan txartelak beteko dituzte bezeroek eta hilabete bukaeran 100 euroko balioa duen oparia zozketatuko dute. Lehenengo zozketa martxoan izango da eta oparia da Baster Alde jatetxean bi lagunendako afaria. Beste opari batzuk ere egongo dira: antzerki, pilota partidu eta antzeko ikuskizunetarako sarrerak, aste bukaera landetxe baten, aste osorako bidaia…

Merkataritza eta kultura

Udalak bere aldetik merkataritza eta kultura uztartzeko egitasmoa jarri gura du abian martxoan. Herritarrak saritzea da horren helburua eta horretarako puntuak erabiliko ditu: 35 eta 50 euro arteko erosketak egiterakoan, 2 puntu; 51 eta 75 euro arteko erosketengatik, 3 puntu; eta 75 eurotik gorako erosketengatik, 4 puntu. Puntu horiek pilatu eta Arkupeko ikuskizunetarako sarrerengatik trukatu ahal izango dira –zinena, antzerkia…–. Gainera, hiru hilabetean behin 40 euroko bi bono zozketatuko dituzte puntuak erabiltzen dituztenen artean.

 

Bestalde, merkataritza dinamizatuko duen langile bat hartu gura du. Inemi eskatu dio langile hori eta sei hilabeterako izango da. Asmoa da Aretxarte elkartea eta merkataritza orokorrean indartzea herrian. Ideia berriak ekarri eta beste herri batzuetako ereduak aztertuko ditu dinamizatzaile horrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak