Antolatzaileek jakinarazi digutenez, Oiartzun aldera joango dira egun horretan. Autobusa 08:00etan irtengo da Azbe lantegi ondoko bus geltokitik. Ondoren, Oiartzun ibaiaren bailarako tontorrik garaiena igoko dute: Bianditz. Horrek 840 metroko garaiera du.
Izenematea dagoeneko zabalik dago. Interesatuek Murrukixok Durana kalean duen lokalera joan beharko dute martitzenenetan, 19:00etatik 20:00etara. Martxoaren 24an amaitzen da izena eman ahal izateko epea.
Kirol elkartetik azaldu dute sagardotegian bazkaltzeko asmorik ez dutenek berdin izango dutela irteerara joateko aukera. Kasu horretan, norberaren esku geratuko da bazkaria txangora eramatea.
Prezioa
Irteerako prezioen berri ere eman dute antolatzaileek. Kirol elkarteko bazkideendako autobusak hamar euro balioko du; ez bazkideendako, berriz, hamabi euro. Sagardotegiko menuaren prezioa, aldiz, 30 euro izango dela azaldu dute.