Mendi bizikleta ibilaldiko antolatzaileak pozik, lehenengoan 98 parte hartzaile izan dira-eta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko uzt. 6a, 16:51
Pozik dago Dorletako Ama Txirrindularitza taldea domekako mendi bizikleta ibilaldiak izan zuen parte hartzearekin. Lehenengoz antolatu dute ibilaldia eta 98 parte hartzaile izan ziren; ez dago batere gaizki. Eguraldia, gainera, ez zen egokiena bizikletan ibiltzeko: euri arriskua eta lehen orduetan behe laino handia.

Txirrindularien artean Debagoienekoak izan ziren gehienak, baina Euskal Herri osoko ordezkaritza izan zen Aretxabaletan: besteak beste, Donostia, Gasteiz, Dima, Lasarte eta Etxarri-Aranatzeko ziklistek hartu zuten parte. Markel Uriarte ibilaldiaren antolakuntzako kideak jakinarazi duenez, ibilbidea bustita zegoen eta jaitsierak "nahiko arriskutsuak" izan ziren. Edozelan ere, ez zen istripu larririk izan; parte hartzaile batek min hartu zuen eskuan baina bere kabuz heldu zen helmugara.
Istripu larririk ez baina arazo aipagarri bat bai: txirrindulari asko galdu egin ziren norbaitek ibilbidea zehazten zuten zintak kendu zituelako. Grazia ederra ziklistendako. Markel Uriarte ibilaldiaren antolakuntzako kideak honela azaldu du: "Deguria aldean izan dira arazo handienak eta eskerrak ordurako behe lainorik ez zegoela. Gehienak bidegurutze baten galdu dira".

Ibilaldia, eta ez lasterketa
9:00etan hasi zen ibilaldia, Aretxabaletako plazatik. Ez zen lasterketa, martxa baizik. Beraz, ez da irabazlerik eta galtzailerik izan. Helburua mendiko bizikletarekin gozatzea, eta bide batez, Urkulu, Ugastegieta, Alabita, Usakoatza, Hiruerreketa, Aitxorrotz eta Lete moduko lekuak ezagutzea zen. Lehenengoak 12:30ak aldera heldu dira plazara eta azkenak, berriz, ia 15:00etan. Plazan luncha eta oparien banaketa egin zuten, antolatzaileek ibilaldia amaitu aurretik egin zuten-eta zozketa. Bizikletarako tresnak oparitu zituzten, eta zorterik izan ez zutenek martxako kamiseta bat eraman zuten etxera.

Jarraipena emateko asmoa
Dorletako Ama taldekoek  ekimenari jarraipena emateko asmoa dute. Hala, lehenengoan izan diren arazoetatik ikasiz, urtez urte mendi bizikleta martxa indartzeko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak