Mendi bizikleta ibilaldia egingo dute domekan

Mirari Altube Arrese 2010ko uzt. 1a, 12:35
Mendi bizikleta ibilaldia antolatu dute domekarako, hilak 4. Lehenegoz egingo dute gurean eta bi ibilbide daude aukeran: luzea, 38 kilometrokoa eta motza, 28 kilometrokoa. Izenemate epea domekan bertan zabalduko dute Herriko Plazan (08:00-08:45).

Bizikletan ibiltzea gustuko duten herritar batzuen ekimena izan da eta Leintz Gatzagako Dorletako Ama Txirrindulari Batzordearen laguntza jaso dute. Debagoieneko gainerako herri guztietan egin eta gurean bakarrik falta zela halako ibilaldia pentsatuta erabaki dute antolatzea. Aretxabaleta Kirol Elkartearen eta Udalaren babesa ere izango dute, domekan lehenengoz egingo duten ibilaldi horretan.

Gogorrena hasiera

Parte hartu gura dutenendako izenemate gunea Herriko Plazan jarriko dute 08:00ak eta 08:45 artean. Federatuta daudenek 10 euro ordaindu beharko dute eta federatu bakoek 15 euro. Irteera 09:00etan da, plazatik bertatik.


Bi ibilbide jarri dituzte aukeratzeko: luzea, 38 kilometrokoa; eta motza, 28 kilometrokoa. Markel Uriarte antolatzaileak hasiera dela gogorrena jakinarazi du: "Urkulutik bueltan Ugastegitik gora igoko gara eta Alabitara iritsi arteko gunea da gogorra, aldapa handia dagoelako. Handik aurrera samur egiteko modukoa da, bizikletan ibiltzeko ohitura izanez gero". Alabitatik Usakoatzara egingo dute ibilbide luzea aukeratutakoek eta gainerakoak hara jo barik Gatzagako Hiruerreketa aldera joango dira zuzenean. Gero Aitxorrotz tontorretik Eskoriatzako Lete auzora egingo dute, Aretxabaletan bukatzeko. Degurian edatekoa izango dute txirrindulariek eta Gure Ametsa jatetxe inguruan jatekoa eta edatekoa. Bukaeran, Herriko Plazan, ere eskainiko dute mokadutxoa eta opariak zozketatuko dituzte.

Lehenengoz antolatu dute ibilaldia eta aurten ehun bat lagun etorriko direlakoan daude antolatzaileak. Eta argi daukate jarraipena izango duen ekimena dela, "urtetik urtera indarra hartzen" joango dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak