Mendi Astea antolatu du Murrukixok

Mirari Altube Arrese 2008ko aza. 7a, 11:45
Astelehenean hasi eta domekara bitartean egingo dituzte Murrukixo Mendizale Elkarteak antolatutako Mendi Asteko ekitaldiak: lau ikus-entzunezko eta mendi zeharkaldia.

Iaz ez zuten mendi asterik antolatu –non egin ez zeukatelako–, baina aurreko urteetako ohitura berreskuratu du Murrukixok eta azaroko bigarren astean egin. Astelehenetik eguenera bitartean ikus-entzunezkoak eskainiko dituzte Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan (19:00). Mendiarekin zerikusia duten argazki ikusgarriekin batera egileen azalpenak eta argibideak jasoko dituzte Zaraia aretora doazenek. Gainera, hizlari gehienak aretxabaletarrak dira. Hona egitaraua:

- Astelehena, azaroak 10: Txile iparraldean bizikletan, Zigor Lasagabaster eta Aitor Garroren eskutik.

- Martitzena, azaroak 11: Debagoiendarrak munduko mushing txapelketan, Itoitz Armendariz eskoriatzarraren eskutik.

- Eguaztena, azaroak 12: Zeelanda Berria, Amagoia Barandiaran eta Iñaki Lopezen eskutik


- Eguena, azaroak 13: Everesteko trekinga, Xabi Egaña, Iker Ugarte eta Jokin Urteagaren eskutik.


- Domeka, azaroak 16: Mendi zeharkaldia (16 km):Herrera mendatea, Rivas mendatea, Toloño eta Bastida. Irteera Azbeko autobus geltokian (08:00) eta itzulerako Bastidan (17:00).

Interesatuek aurrez eman behar dute izena autobuserako. Horretarako martitzenean Murrukixoko lokaletik pasa daitezke edo bestela Arkupen egingo duten edozein ikus-entzunezkotara hurrera daitezela antolatzaileekin egoteko. Mendi elkarteko bazkideek 10 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek, 12 euro.

Argazki lehiaketako irabazlea

Datorren urteko egutegia egiteko argazki lehiaketa deitu zuen Murrukixok orain dela hilabete. Bederatzi argazki jaso dituzte tarte horretan, eta dagoeneko aukeratu dute irabazlea, Iker Altuna aretxabaletarrarena hain zuzen. Argazkiaren aurrealdean amarauna ageri da, ihintzak bustita, eta atzealdean behia zelaian eta Kurtzebarri mendia. Egutegiok, baina, ez dituzte bazkideen etxeetara bidaliko aurreko urteetan legez, Mendi Asteko ekitaldietan egongo dira hartzeko eta Murrukixoko lokalean ere bai.

Txartelak berritzeko garaia

Murrukixok, gainera, bazkide eta federatu guztiei gutuna bidali die egunotan. Gutun horretan jakinarazi diete bazkide eta federatu txartelak berritzeko unea dela eta oraintxe dutela aukera aldaketak egiteko. Horregatik, federatze aukeren berri eman dute gutunean, eta norberak ordaindu beharrekoa adierazi diete bazkideei –urte bukaera inguruan kontutik pasatuko dutena–. Datuak eguneratu gura dituztenek edo aldaketaren bat egin gura dutenek azaroaren 15a baino lehen egin dezatela. Horretarako Murrukixoko lokaletik pasatu beharko dira edo 943 79 93 74 telefono zenbakira deitu martitzenetan (19:00-20:00). Posta elektronikora idatzita ere adierazi dezakete interesatuek egin gura duten aldaketa: murrukixo@euskalerria.org.


Berririk jaso ezean ontzat emango dituzte dauzkaten datuak. Hori bai, bazkideek lokaletik pasatu beharko dute txartelak jasotzera, ez dituztelako etxera bidaliko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak