Martxa onean doa Mundukidek Ekuatore Ginean duen proiektua

Mirari Altube Arrese 2007ko uztailaren 12a

Mundukide Fundazioak orain urtebete jarri zuen abian oiloak hazteko proiektua Ekuatore Ginean. Alberto Trojaola aretxabaletarra izan da hiru hilabetez bertako langileei laguntzen.


Orain urtebete sortu zuten Ekuatore Gineako Mitemelete herrian lehen lantaldea eta oilategi, aroztegi eta beste eraikin batzuk egiten hasi ziren. Ordutik hona asko ikasi dute proiektua abian jarritako kideek, bulegoan diseinatutako proiektua Afrikako baliabide eta erritmoetara egokitu behar izan dute-eta. Hala ere, aurrerapen handiak egin dituzte eta martxa onean doa: 2.000 oilorendako oilategia bukatuta dago eta oilo horiek hiru hilabete barru arrautzak erruten hasiko dira; pentsu lantegia abian da; bigarren iturria egokitu dute, eta 20 mila litroko ur-andela bukatuta dago oilategietara zein herriko iturrietara ur edangarria eroateko. Gainera urtea bukatu baino lehen 10 mila oilorendako oilategia eraiki gura dute, eta azaro inguruan arrautzak jarriko dituzten oiloekin bete.


Mundukideren helburu nagusia bertakoei formazioa eman eta laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskaintzea da. Hala, eurak izango dira protagonista bai abian jarritako proiektuetan, bai eskualdeko garapen sozio-ekonomikoan. Horregatik konpromisoa eta gaitasuna garatuko duen lagun taldea sortu gura dute, eta horri bultzada emateko izan da Trojaola, Mitemeleten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak