Markoleko berdeguneko proposamenen alderdi teknikoa aztertuko dute zapatuan

Mirari Altube Arrese 2010eko otsailaren 18a

Kirol etxe aurrean dagoen berdegunean zer egin daitekeen erabakitzeko parte-hartze prozesuaren bigarren saioa egingo dute zapatuan, hilak 20, Arkupen (10:00-12:00). Urtarrilaren 30ean egindako lehen saioan herritarren eta hainbat elkartetako ordezkarien proposamenak jaso zituzten. Horien bideragarritasuna aztertuko dute orain teknikariekin.

Eraikitzen dabiltzan kirol etxe berriaren proiektuan hainbat proposamen zituen jasota Udalak berdegunerako. Orain herritarrekin adostu gura du zer egin eta lehen saioan elkartutako 30 bat lagunek hainbat ideia bota zituzten: kanpoko igerilekua, aparkalekuak azpian, hainbat kiroletarako kantxak, parke handi bat… Horiek guztiak jaso zituzten parte-hartze prozesuari jarraipena egiten dabiltzan Aztiker gabineteko adituek. Eta zapatuan ideia horien bideragarritasuna aztertuko dute Udaleko hirigintza eta kirol teknikariak lagun dituztela. 


Ideia guztiak ondo aztertu ostean adostasuna lortu beharko dute elkartutakoek, baina horretarako hirugarren saio bat egingo dute.

Webgunean iradokizunak

Lehen saioan parte hartzerik izan ez zutenek ere zabalik izango dituzte ateak zapatuan. Eta Udalaren webgunean –www.aretxabaleta.net–, albisteen atalean, lotura bat dago norberaren ideiak, proposamenak eta iradokizunak uzteko. Bertan lehen saioko memoria ere badago zer jaso zuten jakiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak