Alkateak jakinarazi zuen inolako zalantza barik onartu zutela Kudeatuz egitasmoan sartzea orain dela sei hilabete: "Herria eraikitzeko ardura herriari dagokiolako, hau da, Udala eta herritarrak elkarrekin". Eta parte-hartze prozesu hori aurrera eroateko kirol etxe aurreko berdegunea hautatu du Udalak: "Gaiaren inguruan zerbait esateko duen edonork parte hartu ahal izango du. Herritarren iritziak, proposamenak eta iradokizunak jaso gura ditugu; anitzak, eta zergatik ez, kontrajarriak", zioen alkateak.
Hala bada, saio horietan herritar eta talde guztiek dute tokia: kirol elkarteek, kanpoko igerileku eske ibilitakoek, berdegunea dagoenetan uztea gura dutenek… Horiek guztiek proposamenak egingo dituzte, baloratu gero eta azkenean adostasun batera iritsi. Adostutakoa Udal ordezkariei bideratuko diete eta horiek azken erabakia izango dute: "Adostutakoa kontuan hartuko da zalantza barik. Beste kontu bat izango da erabakitakoa noiz egin ahal izango den, kostuak baldintzatuko duelako", esan zuen Garrok.
Lehen saioa, hilaren 30ean
Aztiker gabinete soziologikoak bideratuko ditu herritarren parte-hartze saioak; hiru izango dira, bakoitza bi ordukoa. Lehena hilaren 30ean egingo dute, zapatua, Arkupen (10:00).
Gainera, Udalaren webgunean atal bat egokituko dute prozesuaren gaineko argibide guztiak jasotzeko. Eta parte-hartze saioetan ez dabiltzanek ere iritzia emateko aukera izango dute bertan.