Lucio Garay ez itxi esanaz manifestazioa egin zuten langileek

Mirari Altube Arrese 2007ko mar. 29a, 17:42
Manifestazioa egin zuten Aluminios de Precision (Lucio Garay) lantegiko langileek atzo, hilak 28. "Lucio Garay, ez itxi" oihu eginaz lantegian duten arazoaren berri eman gura izan zieten aretxabaletarrei.

Atzo goizean elkartu zen enpresa batzordea Jose Uribesalgo ugazabarekin. Otsailean baieztatu zien Burgosen zabalduko duela lantegia –Joserol SA izeneko talde industrialak–, eta Aretxabaletako langileek eurekin zer gertatuko den jakin gura zuten. "Gezurrak esan dizkigu", adierazi digu ELA sindikatuko metal arloko arduradun Iñaki Arrietak. "Sindikatuetako ordezkariokin ez du elkartu gura izan, nahiz eta otsailean horretan geratu, eta enpresa batzordeari esan dio Burgosko lantegira joateko aukera izango dutela langileek, etxea jarriko dietela han, eta beste kontu batzuk. Guztia gezurra".
Hori ikusita asanblada egin zuen komiteak eguerdian langileekin, eta manifestazioa egiteko erabakia hartu zuten guztien artean.


Ekintza gehiago etorriko dira
Ugazabari mezu zuzena bidalita, Uribesalgo: Lucio Garay ez itxi, lantegiko langile asko atera ziren protesta ekitaldira, 70 inguru. Aretxabaletako kaleetan ibili ostean lantegi aurrean egin zuten elkarretaratzea. "Manifestazioa lehen ekintza besterik ez da izan, herritarrei arazo bat daukagula jakinarazteko. Baina gero eta ekintza gehiago egingo ditugu, eta gogortzen joango gara", gaineratu du Arrietak. Enpresa batzordean hiru sindikatutako ordezkariak daude: LABeko bi, eta ELA eta CCOOeko bana. Bilera egingo dute ekintza egutegia zehazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak