Loreak zintzilik Durana kalean

Mirari Altube Arrese 2007ko mai. 24a, 13:19

Herriko lorategiak garbitu eta loreak landatzen dabiltza Makai lorezaintza enpresako kideak. Gainera, lorategi berria egin dute Iralabarri plaza parean zegoen iturrian, eta Durana kalean faroletatik zintzilik jarri dituzte.

Orain dela hilabete batzuk herriko lorategiak txukuntzeko erabakia hartu zuen Udalak, tartean, Ilargi plaza pareko iturria lorategi bihurtzea. Kontua atzeratu egin da hainbat ezusteko tarteko, baina azken egunotan gogor egin dute lan Makaiko kideek. Landare eta zuhaixkak jarri dituzte ura egon zen tokian, eta kolore askoko lorategia egin dute. Lorontziaren bueltan lore eta zuhaixkak jarri dituzte eta erdian sagarrondoa. Lorontziaren azpiko aldean, lehen ere berdegunea zegoen lekuan, berriro erein dute belarra.
Lorategia txukun utzi dute, baina lorontzia bera apurtuta dago eta itxura eskasa dauka urte askoan ura izan duelako. Datozen egunotan konpondu eta itxura berria emateko asmoa dauka Udalak.


Faroletatik zintzilik
Loreei dagokionean beste berrikuntza bat ere izan dugu: Durana kaleko faroletan landareak zintzilikatu dituzte. Bi faroletik batean zintzilikatu dituzte lorontziok, eta barruan geranio frantsesak jarri dituzte, gorriak. Hainbat herritarrek adierazi du ez direla ondo ikusten aipatutako loreak oso goian daudelako, baina apur bat hazten direnean beherantz jausiko dira eta lorontzi osoa estaliko dutela uste dute lorezainek. Hori bai, bi egunetik behin ureztatu beharko dituzte.

Aipatutakoez gain ohiko lorategiak ere garbitu eta txukundu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak