Loramendi Literatura Lehiaketako sari banaketa gaur

Mirari Altube Arrese 2009ko urt. 23a, 11:13
Loramendi Euskara Elkarteak antolatutako 21. Literatura Lehiaketaren sari banaketa egingo dute gaur (19:00) udaletxe zaharreko lehenengo solairuan. 306 lan jaso zituzten abenduan eta gaur 28 onenek jasoko dute saria.

Azken urteotan gora egin du jasotako lan kopuruak eta guztira 306 lan jaso dituzte aurten. Antolatzaileak, zelan ez, oso pozik daude: "Betiko lez, lan batzuk oso onak dira eta beste batzuk txarrak, baina hainbeste artean ohikoa da hori", dio Larraitz Iñurrategik. "Gainera, Lehen Hezkuntzako neska-mutikoek aurkeztutako ipuin batzuk bertako euskalkian daude idatzita eta hori oso pozgarria da guretako", gaineratu du.

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. maila arteko neska-mutikoek ipuinak eta bertsoak aurkeztu dituzte. DBHko gaztetxoek, ostera, bertsoak, amodiozko gutunak, komikiak eta grabaketak. Hona kopuruak: ipuinak, 161; bertsoak, 101; amodiozko gutunak, 30; komikiak, 13 eta grabaketa bakarra.

Lan horietako onenek saria jasoko dute gaur, 28 lanek hain zuzen. Gainera, bi sari berezi emango dituzte aurten: "Aparteko lanak iruditu zaizkio epaimahaiari eta horregatik erabaki dugu sari berezi horiek banatzea. Lehen Hezkuntzako batek eta DBHko beste batek jasoko dituzte", argitu du Iñurrategik. Sariak banatzen Inaxio Garro alkatea eta Iker Urkia Loramendi Euskara Elkarteko presidentea ibiliko dira. Eta saririk izan ez duten partehartzaile guztiek oparitxo bat jasoko dute datozen egunotan.

Sarituak liburuan jaso

Lehiaketaren antolatzaileen gogoa izan da azken urteotan liburu baten jasotzea saritutako lanak. Horretan jardun dute, eta azken hiru urteotan saria jaso dutenak bildu dituzte. Laster izango dute gertu liburu hori. Era berean, hemendik aurrera urtero argitaratuko dute saritutako lanekin egindako liburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak