Literaturaren hilabetea apirilean, Arkupen

Mirari Altube Arrese 2009ko mar. 27a, 13:13

Kultura Sailak eta Arkupe kudeatzeko ardura duen Ama-Lur kultura koordinakundeak apirileko egitaraua gertatu dute. Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela apirilean hartu dute kontuan eta tartean bi idazleren berbaldiak izango dira.

Eguaztenean, apirilaren 1ean Leizarra musika eskolako ikasle eta irakasleek kontzertua eskainiko dute Korrika datorrela gogoan izanda (18:00). Eta eguenean, apirilak 2, ekitaldi bi izango dira Zaraia aretoan: batetik, umeek euskal ipuinak entzuteko aukera izango dute (16:45) –derrigorrez gonbidapena behar da–. Bestetik, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak antolatutako II. Huhezinema lehiaketaren sari banaketa egingo dute (19:00). Lehiaketara aurkeztutako film labur eta dokumentalik onenak sarituko dituzte ekitaldian. Hortaz, egun horretan ez dute zine-klubari dagokion filmik emango.


Umeek beste ikuskizun bat ere izango dute hilabete bukaeran; Iker Diazek Kontu kontari kanta kantari ipuin kontaketa eskainiko die apirilaren 25ean, zapatua, (11:30) liburutegian.

Elexpuru eta Martinez de Lecea

Antolatutako ekitaldien artean bi idazle interesgarriren berbaldiak daude. Juan Martin Elexpuru bergararrak azken hilabeteotan hainbeste zeresan eman duen Iruña-Veleia (Araba) aztarnategiaren gainean jardungo du apirilaren 21ean martitzena, (19:30); Iruña-Veleia benetakoa edo faltsua izango da gaia. Eta apirilaren 29an, eguaztena, (19:30) Toti Martinez de Lecea idazle bizkaitarrak berbaldia eskainiko du: Toti, charla con una escritora. Eleberri asko idatzi dituen emakume ezagunak idaztearen gaineko kontuen berri emango die Zaraia aretoan elkartutakoei.

Kultura plana

Kultura plana egiteko asmoa du Udalak datozen asteotan eta herritarren laguntza gura du horretarako. Horren berri ematen duen idatzia bidali du etxe guztietara egunotan eta izena emateko epea zabalik dago. Interesa duten herritarrek Inma Miguel kultura teknikariari jakinarazi behar diote Arkupera deituta (943 08 10 01) edo mezu bat bidalita posta elektroniko bidez: kultura@aretxabaleta.net.


Herriko bizitzaren eta kultura dinamikaren gaineko gogoeta egitea da kultura planaren helburu nagusia eta etorkizuneko ildoak definitzea. Horretarako kulturaren diagnostikoa egingo dute, lan-ildoak definitu eta 2010etik aurrerako planaren ildo nagusiak adostu. Lanerako bost talde osatuko dituzte: herritarrekin lau lantalde eta kultura eragileekin osatutakoa bosgarrena. Lantalde bakoitzak bi saio egingo ditu. Lan horren guztiaren ardura Elhuyar Aholkularitzak izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak