Literatura lehiaketan 245 lan jaso dituzte

Mirian Biteri 2008ko urt. 28a, 10:33
Egubakoitzean XIX. Literatura Lehiaketako sariak banatu zituen Loramendi Euskara Elkarteak. Udaletxe zaharreko aretoa lepo bete zen. Ez da harritzekoa. Guztira, 245 lan aurkeztu dituzte, 8 eta 16 urte arteko gaztetxoek egindakoak. Hala, pozik azaldu dira Loramendikoak literatura lehiaketak izandako arrakastarekin.

Zortzi eta hamabi urte artekoen 187 ipuin eta bertso jaso izan ditu Loramendik. Hala, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko 90 ikaslek parte hartu dute. Aurkeztu diren 72 ipuinen artean, Matilde Aizpuruarena gailendu da. Bertsotan, berriz, Ibon eta Eider Altubek lortu dute lehenengo saria. Hirugarren zikloko 97 gaztetxoei dagokionez, Jon Davilak idatzi du ipuin onena; Beñat Arrietak, berriz, bertso hoberenak. 81 lan aurkeztu dituzte bertsoen atalean. 

DBH-ko 53 gazte

DBHkoek ere gogotsu ibili dira. Lehenengo zikloan, Mikel Umerezek irabazi du lehenengo saria bertsotan. Leire Izagirrek, berriz, komiki politena egin duela erabaki dute Loramendikoek. Grabaketa onena Asier Lazkano eta Danel Gartziarena izan da, Haizea Uribetxebarriaren aurretik. Amodiozko gutun ederrena Kizkitza Zillaurrenek idatzi du.
DBHko bigarren ziklokoek lau komiki egin dituzte. Zuriñe Romerok eta Ana Zelaiak irabazi dute. Amodiozko gutunen saria Lide Arenazarandako izan da eta grabaketarena Nagore Uriarterendako. Ander Mendikutek egin du, azkenik, bertso onena.

Ekitaldia amaitu aurretik, Karmele Igartuari, abenduan Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatutako Felipe Arrese Beitia poesia saria jaso duen aretxabaletarrari omenaldia egin zioten Kurtzebarri eskolako ikasleek. Udalak, berriz, oroigarria eman zion Igartuari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak