Liburutegi berria zabalik dago

Mirari Altube Arrese 2008ko eka. 13a, 15:43
Arkupe kultura etxea joan zen egubakoitzean inauguratu zuten, eta dagoeneko zabalik dago. Zaraia aretoan hainbat ekitaldi egin dituzte, eta erakusketa aretoan Artium museotik (Gasteiz) ekarritako erakusketa dago ikusgai (18:00-20:00). Aste honetan bertan liburutegia zabaldu dute, eta hilabetea bukatzerako Kultura Saileko teknikariak ere bertan izango dira.

Hiru txoko ditu liburutegiak: helduena, haurrena eta Txiki-txokoa –5 urtetik beherakoendako–. Eta hori guztia bi lagunen artean kudeatuko dute. Liburuak eta materialak dagoeneko ekarrita dauzkate liburutegi zaharretik, baina hainbat ordenagailutan oraindik ezin da Internet erabili: "Wifi sartu behar dute, eta hamabost bat egun beharko dituzte", jakinarazi digu Joseba Lopez de Armentia arduradunak.


Ordutegiari dagokionean ez dago aldaketarik, hala ere, jakin astelehenetik aurrera, hilak 16, udako ordutegia izango duela irailaren 12a arte. Hona: astelehen, eguazten eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara; eta martitzen eta eguenetan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gainera, ekainaren 23tik 27ra itxita egongo da. Udako oporrak, ostera, uztailaren 23an hartuko ditu, eta abuztuaren 25ean zabalduko dute berriro.

Eraikinaren kudeaketa, hutsik

Kultura etxe berriak langile gehiagoren beharra ekarri du, eta Udalak lehiaketa deitu zuen orain hilabete batzuk Arkupe eraikina kudeatzeko. Herritarrek osatutako Jaiki proiektua bakarrik aurkeztu zen lehiaketara, baina azkenean hutsik geratu da: "Hainbat batzar izan ditugu eurekin, eta orain dela egun batzuk ezetza eman ziguten", jakinarazi digu Inaxio Garro alkateak.
Hori horrela, Zornotzako Aisilan enpresarekin egin du berba Udalak, eta harreran egongo diren langile biak jarriko ditu. Liburutegian egongo den bigarren langilea, ostera, Arrasateko Txatxilipurdikoa izango da. Hala ere, alkateak esan digu behin behineko konponbidea dela bi enpresa horiekin adostutakoa, eta egunotan dabiltzala aztertzen zelan bideratu eraikinaren kudeaketa.

EB-Berdeaken adierazpena

Udaleko Ezker Batua-Berdeak taldeak gogor kritikatu du kultur etxearen kudeaketa enpresa pribatu baten esku uztea. Azpikontratatzearen kontra azaldu da behin baino gehiagotan Tomas Fernandez zinegotzia, bere esanetan biderik zuzenena udal zerbitzuak Udalak berak kudeatzea delako. Ezker Batuak-Berdeakeko bozeramailearen iritziz kudeaketa zuzenak zerbitzuaren kalitatea bermatzen du, eta era berean enpleguaren egonkortasuna. Hutsik geratu dela zerbitzua kontratatzeko lehiaketa ikusita, Fernandezek eskatu dio Udal gobernuari berriro azter dezala hartutako erabakia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak