Lesioei eta zigorrei aurre eginez, hiru puntuak etxera ekarri ditu UDAk

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko ots. 21a, 15:23
Eden, Oianguren, Gorka, Borja, Alain, Eraña, Igartua, Perez, Imanol, Orueta eta Oinatzek osatu zuten Santurtzin hasierako hamaikakoa. Lesioak eta zigorrak tarteko, jokalari gutxirekin joan zen Aretxabaletako taldea Santurtzira; hala, beheko mailetako jokalarien laguntza izan zuen Gordobilek eta Arenazak zuzentzen duten taldeak. Laguntza eman zutenak izan ziren preferente mailako Igor Ezkibel eta gazte mailako Gillen Mar, Julen Eraña eta Igor Oianguren.

Lehenengo gola, aurka

Partidua aldapa gora jarri zitzaien aretxabaletarrei 30. minutuan Santurtzik gola egin zuenean. Etxetik kanpo eta galtzen hastea, ez da ez hasiera ona.
UDAkoak, baina, kikildu beharrean, egoerari aurre egin eta partiduari buelta emateko gauza izan ziren. Falta bidez egin zuen Oinatzek berdinketaren gola, 33. minutuan. Eta, aldageletara joan aurretik, Iker Orueta Piruk egin zuen bigarren gola. Jokaldi polit batean baloia sareetan sartu eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuen Aretxabaletako aurrelariak.
Bigarren zatian Aretxabaletako mutilek oso joko ona egin zuten; atzean serio ibili ziren eta kontraerasora ondo atera ziren, min asko emanez. Gustura jokatu zutela esan daiteke. Gainera, partidua amaitzeko 15 minutu falta zirenean epaileak Santurtziko jokalari bat egotzi zuen; hala, jokalari bat gehiagorekin ibili ziren aretxabaletarrak azkeneko minutuetan.

Jarrera ona

Igor Arenaza pozik zegoen jokalariek Santurtzin erakutsi zuten jarrerarekin: "Jarrera ona izan dute momentu oro; galtzen joan arren, aurpegia erakutsi dute".
Kontuan hartu, gainera, bi jokalarik 3. mailan debuta egin zutela zapatuan; Igor Oianguren hamaikakoan sartu zen, eta Igor Ezkibelek ere berdegunera salto egin zuen bigarren zatian.

Emaitza positiboa

Aretxabaletak zapatuan Santurtzin lortu zituen hiru puntuak oso garrantzitsuak dira ez bakarrik sailkapenari begira, baita taldearen konfiantzarako ere.
"Emaitza positiboa lortzea oso garrantzitsua izan da; kontuan hartu, azkeneko hamar partiduetan ez ditugula puntu asko irabazi, hortaz, dinamika hori apurtzeko ezinbestekoa genuen irabaztea", azaldu zuen partidu amaieran pozik Igor Arenazak.
Dagoeneko Aretxabaletak 30 puntu lortu ditu. Orain, sailkapeneko 17. tokian daude, eta jaitsiera postuak lau puntura besterik ez dituzte. Datorren astean, Aretxabaletak Laudioren aurka jokatuko du; sailkapenari begira garrantzi handiko partidua izango da, Laudio, sailkapenean, 18. tokian dago-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak