Sinbolo berria musika eskolaren hiru inizialek osatzen dute. Modu horretan, hasierako helburua betetzea lortu izan da: elementu "sinplea eta garbia" izan dadila: "Eskolaren izena sartzea ahalbideratzen du logotipo berriak, gehiegi kargatu barik", jakinarazi dute.
Arduradunen asmoa irudiak "mugimendua" transmiti zezala zen, eta pozik daude lortutako emaitzarekin. Formari dagokionez, bestalde, haize instrumentu baten antza du: hiru puntuek hiru hitzen ibilbideak eta kanpaia giltzaren irudia erakutsi gura dute.
Erabiltzaileei begira
Gainera, erabilitako letrak ere zainduak izan direla azaldu dute arduradunek: "Minuskulak erabili izanak bere esanahia dauka; horien bidez, musika eskolaren izaera ludikoena eta sortzaileena helarazi gura izan dugu". Horren harira, gogorarazi dute musika eskolako erabiltzaile gehienak umeak eta gaztetxoak direla. Leizarrakoen arabera, "logotipo horrekin eurengana gerturatzea lortuko dugula iruditzen zaigu".
Musika eskolaren sinbolo berriaren kolorea ere ez zen bat-batean erabaki: antzerkiaren munduarekin lotutako kolorea da hori, antzerkietako oihalak eta eserlekuak askotan kolore horretakoak izaten dira-eta.
Jatorria
Azkenaldian hainbat aldaketa izan ditu Leizarra musika eskolak; tartean, instalazioena. Joan den urtean Arkupe kultura etxeko azken bi solairuetara pasatu zen eskola.
Toki aldaketa horrekin batera logotipo berria ere sortu beharra zegoela pentsatu zuten arduradunek: "Aldaketa ez zen mugatu behar eskolak eta ekimenak eraikin berrian egin behar zirela. Horrekin batera, eskaintzen dugun irudiaren kalitatean ere aurrerapausoa eman beharra zegoela iruditu zitzaigun". Aldaketa hori dagoeneko errealitate bihurtu da.