Aurkari gogorra hartu zuen Aretxabaletak atzo, etxean, sailkapeneko lehen postuan zegoen Tolosa. Hori jakinik, ikusle asko harmailetan eta giroa bizi-bizi.
Lehen zatian bi taldeak parekatuta ibili ziren, etxekoak hainbat aldiz iritsi ziren tolosarren atera baina kanpokoek aukera garbiagoak izan zituzten. Bigarren zatian hainbat aldaketa egin zituen Gordobil entrenatzaileak eta indartuta irten zuten UDAko jokalariek. Hala, hasi eta segituan aukera bi politak izan zituzten. 12. minutuan arriskua izan zen etxekoen atean, baina golik ez. Eta hurrengo jokaldian Espinosak jaurti langara eta Erikok borobildu zuen gola. Tolosarrek jokoz kanpo zegoela Eriko eskatu zioten epaileari baina horrek ez zuen halakorik ikusi.
Golaren ostean tolosarren erasoa etorri zen, eta berdindu guran ibili ziren ordutik aurrera. Aretxabaletako jokalariak, ostera, areatik baloia atera ezinik. 75. minutuan Tolosako entrenatzaile Luluaga bidali egin zuen zelaitik epaileak. Eta etxeko jokalariei ere txartel asko atera zizkien, sei.
Derbia eguaztenean
Partidua irabazita sailkapeneko bigarren postuan dago Aretxabaleta Tolosarekin berdinduta (28 puntu). Eguaztenean, hilak 24, jokatuko du urteko azken partidua eta Mondraren aurkako derbia izango da. Mojategin da partidua (16:00).