Lehenengo 40 etxebizitza tasatuak banatuta

Mirari Altube Arrese 2009ko urr. 23a, 14:14
Astean banatu dituzte Deba ibaiaren beste aldean egiten dabiltzan hainbat etxebizitza tasatuetako giltzak. Atzo egin zuten ekitaldi ofiziala eta bertan elkartu ziren Bruesa Inmobiliariako zuzendari nagusi Alvaro Bilbao, Inaxio Garro alkatea eta hainbat erosle.

Bilbaok onartu zuen luze joan direla lanak eta zalantzak izan dituztela erosleek baina "enpresak aurrera egin duela". Iragarri zuen datorren urtean beste bi bloketako etxeak emango dituztela.


Alkateak bere aldetik gogorarazi zuen aurreko legegintzaldiko udalbatzak "ausardiaz" hartutako erabaki baten ondorio direla etxeok: "Inon ez zegoen halako izendapenik zuen etxerik; Jaurlaritzak ere geroago sortu eta arautu zituen".

232 etxe 12 bloketan banatuta

Udalak 2004an sinatu zuen hitzarmena Bruesa enpresarekin etxe tasatuak egiteko, 232 guztira. Aretxabaletako eta inguruko herrietako bizilagun askok eman zuen izena orduan eta abenduan zozketa egin zuten. Lanok baina uste baino luzeago joan dira eta bien bitartean hainbat erosle atzera bota ziren, horregatik beste bi zozketa egin behar izan dituzte; iaz bat eta aurten bestea. 


Markole auzoan hasi eta Lausitta kaleraino –Deba ibaiaren beste aldean– joango den auzoak Txarapea izango du izena. Bertan etxe tasatuak izango dira nagusi, 232 guztira 12 bloketan banatuta eta giltzak banatu dituzten bi blokeak, 40 etxe, Galartzarako bidearen alboan daude. Blas Urbizu eta Luis Sesek egin dituzte arkitekto lanak eta Bruesaren esanetan "arreta handia jarri dute diseinu lanetan eta material ezin hobeak erabili dituzte". Horren helburua izan da, "herriko gainerako eraikuntzekin bat etortzea etxeok". 85 milioi eurotik gora behar izan dute horretarako. Bloke horiek guztiek duplexak dituzte hirugarren solairuan, 78 guztira, eta horietako batzuk oraindik salgai daude.


Aipatutakoekin batera bi bizitzako beste hainbat etxe egin ditu Bruesak Txarapean eta babes ofizialeko 100 daude egiteko. Horien lanak beste enpresa eraikitzaile baten eskuetan utzi ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak