Lausittako saneamendua eta Bolinagako bidearen lanak hastekotan

Mirari Altube Arrese 2010ko mai. 10a, 14:10
Datorren astean hasiko dira Lausitta kaleko etxe txikien saneamendu lanak egiten eta Bolinagara doan bidea konpontzen. E-planaren dirulaguntzarekin egingo dituzten lanik garrantzitsuenak dira.

Lausitta kaleko saneamendu lanak Erga eraikuntza enpresak egingo ditu eta 223.342 eurotan ezarri du kostua. Galartzara bidean dauden etxeetako bizilagunek aspaldi eskatu zuten saneamendu lanok egitea eta orain inguru guztia txukunduko diete. Ur zikinen eta euri uren hodiak aldatuko dituzte eta gasaren instalakuntza egin; argiteria publikoa ere aldatu egingo dute eta telekomunikazio eta argindar instalakuntzak egokitu lur azpitik. Bukatzeko espaloia aldatu eta etxeei itxitura berria egingo diete guztiek berdina izan dezaten. Lanok egiteko hiru hilabete beharko dituzte.

Bolinagako bideari eusgarria

Bolinagara doan errepidea, ostera, Galdiano eraikuntza enpresak konponduko du 124.838 euro erabilita. Arazoa da bidearen zati bateko lurrek behera egin dutela eta gehiago egin aurretik eusteko moduren bat behar du. Lanok bi hilabetean egingo dituzte eta une batzuetan baliteke itxi egin behar izatea bidea. Halakoetarako, Areantza auzoko Mitarte Garai baserri ondotik dagoen bidea egokituko dute, Bolinagako bizilagunak pasa daitezen.


Lanok hasi aurretik batzarra egin gura dute Udal ordezkariek Lausitta eta Bolinagako bizilagunekin gaizki ulerturik ez egoteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak