Lausittako etxe txikietako lanak oraindik ez dituzte hasi grebagatik

Mirari Altube Arrese 2010ko eka. 25a, 14:03
E-planaren dirulaguntzarekin hainbat lan egitea erabaki zuen Udalak; garrantzitsuenak bi: Lausitta kaleko etxe txikietako saneamendu lanak egin eta Bolinagara doan bidea konpondu. Dagoeneko hasita egon behar zuten biek, baina Lausitta kalekoak oraindik geldi daude eraikuntzako langileak azken asteotan egiten dabiltzan grebaren ondorioz.

Galartza auzora bidean dauden Lausitta kaleko etxe txikietako azpiegiturak berritzea da asmoa. Ur zikinen hodiak bideratu behar dituzte lehenengo –11. atartetik 17.era–. Orain errekara doaz zuzenean hodi horiek, eta errepidearen beste aldean dagoen zaharren egoitzako kolektorearekin elkartuko dituzte. Horretarako errepidea moztu behar dute, eta "behin hasitakoan lehenbailehen bukatzea" komeni zaiela diote Hirigintzako arduradunek.
Lausittako lanek 223.342 euroko kostua daukate eta Erga eraikuntza enpresak egingo ditu. Udal arduradunek ez dakite noiz hasiko dituzten.

Bolinagako bidea aurrera

Bolinagako baserrietara doan bidearen lanak, ostera, hasita daude. Galdiano enpresa dabil egiten eta orain dela aste bi hasi zituzten. Bideari eusgarria jartzen dabiltza, lurrak ez daitezen behera etorri berriro. Bidea itxita dago orain eta Bolinagako bizilagunak Areantza auzotik bueltan –Mitarte Garai baserri albotik– egiten dituzte joan-etorriak.
Martxa onean eta ezusteko barik doazela aurrera jakinarazi dute Hirigintzako arduradunek: "Bi hilabeteko lanak dira eta ondo bidean uztail bukaerarako zabalik izan beharko litzateke bidea; baina jakin ez, hauei ere eragiten diete-eta grebak".

Bidegorriko lanak Urkulun

Bestalde, E-planarekin zerikusirik ez duen lan batzuk egiten dabil Udala Urkulu urtegiren inguruan: bidegorriaren hirugarren fasea. Areantzako bidegurutzetik Goroeta auzora bitartean dagoen zatian bidegorria egiten dabiltza, komunen atzeko partetik hain zuzen. Bidea izango den lautada egin dute orain arte Sasoi Eraikuntzak enpresako langileek; gero bete egingo dute lautada hori eta bukatzeko asfalto gorria bota gainean. "Abuztuko lehen astean erabiltzeko moduan izango zela uste genuen, baina hau ere jakin ez", diote Hirigintzako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak