Lausitta kaleko jolas parkea berrituko dute irailean

Mirian Biteri 2009ko uztailaren 27a

Aretxabaletako Lausitta kalean, zaharren egoitzaren parean dagoen haurrendako parkea berrituko dutela jakinarazi du Aretxabaletako Udalak. Esandako lanok irailean zehar egingo dira eta horretarako 36.876 euroko partida bideratuko du.

Gaur egun esandako parkean dauden umeendako jolasak nahiko zahartuta daude eta hortaz, horiek kendu eta berriak jartzea erabaki dute. Hain zuzen, lau sagu jarriko dituzte. Horiek metalezkoak izango dira eta denborarekin herdoiltzen ez diren kateak edukiko dituzte.

Horrez gain, bi eta sei urte bitartekoei zuzendutako egitura dago aurreikusita; txirrista, karrusela eta ohe elastikoak izango ditu horrek. Gainera, haurrek erorialdietan mina hartzea ekiditen duen kautxuzko zorua ez da faltako.

Eserlekua eta lorategiak

Bestalde, Udalak jolas parkeko inguruneak ere txukunduko ditu. Han dauden eserlekuak garbitu eta margotu egingo dituzte eta lorategietan, berriz, landareak ipiniko dituzte.

Azkenaldian lan asko jasan behar izan dituzte Lausittako inguruneko bizilagunek: zaharren egoitza berriaren obrak, errekaren beste aldean egiten ari diren etxeak edo AP-1 autobidearen lanak, besteak beste. Udalak iragarri du "ahalegin berezia" egingo duela ingurua txukuntzeko. Umeen jolas parkearen berritzearekin hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak