Lau urterako plan estrategikoa gertatu du UDAk

Mirari Altube Arrese 2010ko uzt. 22a, 14:44
Nobedadeak iragarri ditu Aretxabaleta Kirol Elkarteak 2010-2011 denboraldiaren aurkezpenean. Ohorezko erregionaleko taldearen entrenatzailea Rafa Barrutia bizkaitarra izango da, prestatzaile fisikoa Erik Badillo aretxabaletarra eta 'Fito' ordezkariaren lekua Juanjo Oruetak hartuko du. Futbolaz haratago, lau urterako plan estrategikoa dabilela gertatzen iragarri zuen, "herriko kirola bateratzeko".

Hastera doan denboraldirako UDAk jarritako helburuen artean daude jokalarien garapen osoari jarraipena egitea –garapen emozionala, harremanak…–; coaching proiektua abian jartzea entrenatzaileak gertatuz; eta jokalarien txartel kopurua jaistea.

Kirol elkartea osatzen duen talde bakoitzak bere helburuak ditu gero eta garrantzitsuenetakoa da ohorezko erregionalean jokatuko duen taldearena, berriro hirugarren mailara igotzea. Taldea gidatuko duen entrenatzailea Rafa Barrutia bizkaitarra izango da, orain arte Eibarko kirol elkartean lan egindakoa, eta prestatzaile fisikoa Erik Badillo aretxabaletarra –entrenamenduen metodologia ere honen ardurapean dago–. Urte askoan talde horren ordezkari lanak egin dituen Jabier Etxebarriak, Fitok, utzi egin du postua eta haren lekua Juanjo Oruetak hartu du. Etxeko jokalariekin egingo diola aurre denboraldiari ohorezko erregionalak iragarri zuten. Horien artean, baina, bi hutsune egongo dira: Imanol Rodriguezena (Gernikara) eta Julen Erañarena (Eibarrera). Ohorezko erregionalak abuztuaren 9an hasiko ditu entrenamendu saioak.

Gazteen Euskal Ligako taldeak ere entrenatzaile berria du: Juanan Cruz. Eta ordezkari lanak Jesus Mari Arizmendiarrietak egingo ditu.

Denboraldiari aurre egiteko aurrekontuaren berri ere eman zuten: 187.140 euroko diru sarrerak aurreikusi dituzte eta 197.896 euroko gastuak. 10.000 euroko alde hori orekatzen joango direla denboraldiak aurrera egin ahala esan zuten, eta gastuetan aurretik datorren zorra –Realak ordaindu barik utzitakoa– sartuta dagoela jakinarazi. Bazkideen kuotek, ostera, ez dute izango igoerarik.

Lau urterako plana

UDA, baina, futbola baino gehiago da eta herriko kirol taldeak bateratzearen alde egingo duela iragarri zuten. Hori horrela, datozen lau urteotarako plan estrategikoa egin eta aurkeztu diete Udal ordezkariei, eta Zaraia eta Murrukixo mendizale elkarteekin hurbiltze prozesuan hasita daudela jakinarazi zuten.

Orain hilabete dela Realarekin hitzarmena sinatu dutela ere igarri zuten, baina oraindik "ez dakitela zenbat diru jasoko duten". Eta gogorarazi zuten datorren urtean hauteskundeak izango direla, hori horrela, otsail inguruan emango diotela hasiera prozesuari.

'Oso osoko jokalaria' sari banaketa

Bukatzeko Oso osoko jokalaria sariak banatu zituzten UDA osatzen duten kirolarien artean. Hona saria jasotakoak:

- Hirugarren maila:    Iban Astola

- Gorengo liga (preferentea):    Jon Iregi

- Erregionaleko lehen maila:    Gorka Etxabe

- Gazteen Euskal Liga:    Jon Ander Arrizabalaga

- Lehen mailako gazteak:    Bixen Meabe

- Ohorezko kadeteak:    Asier Lazkano

- Lehen mailako kadeteak:    Endika Uribarren/Jose Magallanes

- Ohorezko haurren liga:    Ioritz Saenz de Gordoa

- Infantil txikiak:    Jon Unanue

- Kimuak:    Ioritz Diaz de Gereñu

- Areto futbola:    Imanol Carmona

- Pilota:    Iago Zuazua

- Pilota (etorkizuna):    Asier Davila

- Karatea:    Odei Vazquez

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak