Lau peoi hartuko ditu Udalak eta izenematea zabalik dago

Mirari Altube Arrese 2010ko urr. 8a, 16:24
Mantentze-lanak egingo dituzten beste lau peoi hartuko ditu Udalak udazken-negu sasoirako. Martitzenean argitaratu zuen iragarkia www.lanbide.net web atarian eta bertan eman behar dute izena interesatuek hilaren 22a baino lehen.

Urriko azken astean elkarrizketak egingo dizkiete izena emandakoei eta hautatutako laurak azaroaren 2an hasiko dira lanean. Izena emateko bete behar diren baldintzak honakoak dira: aretxabaletarra izatea; langabezian egotea, horregatik ordainsaririk jaso gabe; edo sarrerak bermatzeko errenta jasotzea.

Martxoan onartu eta abian jarritako Enplegu Planaren barruan daude astean ateratako lau postu horiek. Aurretik, ekainean, beste sei langile hartu zituzten: hiru lagun herri inguruak garbitu eta berritzeko eta beste hiru gune naturalak babestu eta mantentzeko; abendua arte jardungo dute lanean horiek. Eta irail hasieran beste hiru langile hasi ziren lanean, sei hilabeterako: artxibo teknikaria; liburutegiko laguntzailea; eta bide eta bidexken inbentarioa egiteko teknikaria. Gainera, Enplegu Plan hori bideratu eta herriko beharrak identifikatzeko teknikaria dago lanean maiatza ezkero.

Merkataritzaren diagnosia

Bestalde, herriko merkataritza eta turismoaren diagnosia egingo duen ikasle batek jardungo du lanean, Mondragon Unibertsitateko Enpresaritza Fakultateak eta Udalak egindako hitzarmen bati esker. Ikasle hori laugarren mailan dagoen aretxabaletarra da, eta ikasketa bukaerako proiektua izango da herrian egingo duen azterketa lan hori.

Proiektuaren helburua da Aretxabaletako merkataritza eta turismoaren inguruko baliabideen azterketa egitea, herriko errealitatearen diagnosia irudikatzeko. Diagnosi horrek etorkizunean eman beharreko pausoen inguruko pistak emango ditu eta oinarrizko dokumentua izango da ondoren diseinatu beharko den ekintza planaren nondik norakoetarako.

Astean hasi da lanean ikasle hori eta lehenengo lau hilabeteotan egun erdiko lan jarduna izango du; otsailetik aurrera, ostera, egun osoz egingo du lan beste lau hilabetez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak