Lau herritar atxilotu dituzte frontoian, herri bazkariaren aurretik

Iker Barandiaran 2009ko ira. 26a, 16:41
Gaur eguerdian, 12:45 aldera, hainbat herritar Iturrigorri pilotalekuan herri bazkarirako hainbat prestaketa egiten zabiltzanean Ertzaintza bertaratu eta lau herritar atxilotu ditu.

Ertzaintza Iturrigorri pilotalekura sartu zen presoen inguruko pankarten bila. Lekukoek azaldutakoaren arabera, ertzain batek eta txakur-kume bat zeukan gazte batek eztabaida izan zuten eta gaztea atxilotu egin zuten. Ertzaintzak, berriz, jakinarazi du gazteak ez zuela identifikatu gura izan. Kontuak kontu, gaztea atxilotu bezain laster, beste herritar batzuk hurreratu ziren eta horietako hiru atxilotu zituzten euskal presoen aldeko pegatinak jantzita zituztelako.

Laurak Bergarako komisaldegira eraman zituzten: pegatinak jantzita zituzten hirurak terrorismoren gorazarrea egitearen akusaziopean eta lehenengoa desobedientziagatik.

Herri-bazkaria egin zuten

Ertzainek pilotalekuko sarreraren pasoa ekidin zuten eta herritar ugari batu ziren inguruan. Ordu erdira-edo, Aretxabaletako alkate Inaxio Garro, udaltzainburua eta zinegotzi bat ertzainekin batzartu egin ziren eta azkenean herri bazkaria egiten utzi zuten. Hori bai, ertzainek alkateari jakinarazi zioten ez zutela pankarta, ezta pegatinarik ikusi nahi eta ez zutela oihu iraingarririk egiten utziko. Hala, ia 500 lagunek urteroko bazkaria egin zuten pilotalekuan.

Ilunkerarako, laurak askatu

Arratsaldean Inaxio Garrok Bergarako komisaldegira jo zuen Anjel Bergaretxek eta abokatu batek lagunduta. Ordurako, 14:30erako, desobedientziaz akusatutako gaztea kalean zegoen; eta 20:00ak pasatxo beste hirurak ere askatu zituzten. Orain, epaileak noiz deitu zain egon beharko dute. Hori baino lehenago, 18:00ak aldera, kale agerraldi jendetsua egin zuten Aretxabaletako kaleetan zehar Atxilotuak askatu eta Elkartasuna ez da delitua lelopean. Ez zen inolako istilurik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak