Larrinbeko errekatxoaren garbiketekin dihardute

Arritxu Barruso 2008ko ekainaren 23a

Maiatzaren 25ean Aretxabaletan uholdeak sortu zituen Larrinbeko errekatxoa garbitzen dihardute langileek. Udalak baieztatu du oraindik kaskailuak eta harriak ateratzen dabiltzala. Orain arte izandako eguraldi kaskarrak, gainera, garbiketa lanak nahi baino gehiago zailtzendu dituela esan du. Orain arte 240 tona inguru kendu direla eta oraindik beste horrenbeste ateratzeke dagoela dio.

Larrinbeko errekatxoa garbi dagoenean, Udalak azterketa egiteko asmoa du, maiatzaren 25ean gertatutakoa berriro gerta ez dadin. Jakina denez, lur azpitik doan Larrinbeko errekatxoak gainezka egin zuen botatako euri jasen ondorioz eta Ilargi plaza pareko kalea eta Durana kalea erreka bihurtu ziren. "Prebentzio mantenu eraginkorra aurrera ateratzea ahalbideratuko duten neurriak hartzeko balioko du azterketa horrek", adierazi dute Udaletik.

 

Gaineratu dute salbuespeneko euri jasak gertatuz gero, arriskua dagoela errekatxoak hustubide gaitasunik ez izatea. Metro koadro bakoitzeko 50 litrotik gorakoak dira salbuespeneko euri jasak. "Horrelako euriteak Aretxabaletan askotan ematen dira, baina ez horren epe laburrean", aipatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak