Larrinbeko errekatxoa garbitzeko hilabete beharko dute

Mirari Altube Arrese 2008ko mai. 30a, 13:27
Martitzenean hasi ziren langileak Larrinbetik datorren errekatxoa garbitzen, domekan gainezka egin zuena hain zuzen. Lur eta harri asko ditu barruan Basabe bidearen azpitik pasatzen den errekak, eta guztia ateratzeko hilabete beharko dutela adierazi dute.

Domekan ordu erdian botatako euri jasak utzitako hondakin eta zikinkeriak garbitzeko astea izan da. Baita balorazioak egin eta kalteen gaineko kontuak ateratzeko ere. Lur azpitik datorren Larrinbeko errekatxoak gainezka egin zuelako bihurtu ziren Ilargi plaza pareko kalea eta Durana kalea erreka. Irudi ikusgarriak jaso zituzten hainbat herritarrek kamerekin.

22 urtean halakorik ez

Astelehenean bertan sartu ziren udal langileak Larrinbeko errekan, Basabe bidean dagoen estoldatik. Bertan oztoporik ez zegoela ikusi zuten, harriak eta lurra asko, baina aparteko ezer ez: "Horrek esan gura du domekakoa moduko euri jasa handi bat hartzeko gaitasunik ez daukala erreka horrek", argitu digu Hirigintza teknikariak. Era berean, jakinarazi digu 22 urte daramatzala Udalean lanean eta halakorik sekula ez duela bizi izan.
Hirigintza Sailak eta alkateak Larrinbeko errekatxoa garbitzea erabaki zuten, eta martitzenean hasi ziren horretan. Langileen arduradunak jakinarazi zigun hilabete behintzat beharko dutela barruan dagoen lur guztia ateratzeko.

Eroski, kaltetuena

Kalterik handienak Lezama merkataritza etxean dauden hainbat lokalek, bertako garajeek eta Eroskik jasan zituzten. Aseguru etxeekin dabiltza lanean orain. Bi eguneko garbiketa lanak izan dituzte Eroskin; izan ere, belauneraino zegoen ura barruan domekan. Beheko apaletako produktuak izan dira kaltetuenak. Eguaztenean zabaldu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak