Apirila hil erabakigarria izango da Urkulu biziberritzeko prozesuan. Izan ere, Aretxabaletako Udalak Urkulu inguruan dauden bi baserri, Iraeban eta Iregikoa, berreskuratu eta zerbitzu berrietarako erabili gura ditu. Inaxio Garro Aretxabaletako alkatearen esanetan, oraingo hilean espero dute bi erabileren gainean erabakia hartzea eta lehiaketa publikoa deitzea.
Erabakia hartu bitartean, zenbait aukera daude. Hala, Iraebanerako, Naturgintza fundazioa proiektu batzuk aztertzen dabil, gero Udalari aurkezteko. Bestalde, Iregikoa baserria, Udalarena dena, kaskar dago eta lehenengo berritu egin beharko da; gero, "Urkulura doazenendako egokia den zerbitzu bat egongo litzateke han; litekeena da landetxe bat edo aterpetxe bat izatea", aurreratu du Inaxio Garrok. Gaineratu du hainbat herritarrek baserria zerbitzu moduan esplotatzeko interesa agertu dutela.
Erromes bidea berreskuratu
Urkulu hobetzeko eta gero eta erakargarriago egiteko asmo gehiago baditu Aretxabaletako Udalak. Horietako baterako, Arrasateko eta Oñatiko udalen laguntza beharko du; izan ere, Bedoña eta Larrino auzoen arteko aspaldiko erromes bidea berreskuratu eta hortik Arantzazura bideratu gura dute. Horretarako diru partida onartuta eta aurrekontuetan sartuta dago: Arrasateko mugatik Larrinorainoko zatirako, 140.000 euro. Inaxio Garrok esan duenez, hasieran behintzat, Arrasateko eta Oñatiko udalek begi onez ikusten dute proiektu hori.
Beste ekintza bat segurtasunari dagokio: hain zuzen, Urkulun bizikletan buelta emateko, leku arriskutsu batzuk daude, bidegorritik gertuegi dagoelako urtegiko zuloa. Hortaz, babesgarri batzuk ipiniko ditu laster Udalak; alkateak aurreratu duenez, seguru asko, egurrezko hesi batzuk izango dira, kalean bidegorrian daudenen antzekoak.